Larrepetit

Zorionak, Hego Sudan

urtzirrutikoetxea
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Hagako Auzitegiak gerra krimenengatik atxilotzeko agindua emana dauka, baina ustezko kriminalak lagun asko ditu kontinentean eta mundu zabalean, Txinan batez ere. Eta krimen larrienetakoak egin dituen herrialdean, ospakizunen mahaian eserarazi dute, umil eta apal. Lerrook idazteko orduan Hego Sudango estatua jaiotzen ari da, eta Khartum izan da independentzia aitortu dion lehena. Izana ukatu, nortasuna suntsitu eta islama eta arabiera odolez ezarri nahi zizkion berak, unea iritsitakoan, azken ordura arteko amarru eta krimenei uko egin gabe ere, irribarretsu egin dio ongietorria estatu berriari.

«Horrek ere gure ispilu behar ote du?», galdetzen du eszeptikoak. Afrikan herri behartsu berri baten jaiotzak, agian, balio du perspektibarako. Gurean gerrako ministroa presidentegai aurkeztu dute. Hark edo eskuin postfrankistako hautagaiak izango dute gatazka amaitzeko ardura espainiarren aldetik. Eta kontua ez da «geroz eta okerrago, hobeto» leloa, baizik eta ardura horretan diharduenak bere aldekoen oniritza izatea. Ian Paisleyk baietz esaten badu, kito kontuak.

Eta, azkenean, esan behar izaten dute. Paisleyk legez, Omar al-Bashirrek legez. Boris Tadic hasia da Kosovorekikoak normaltzen. Espainia desberdina da, baina Arnaldo Otegik transatlantiko abertzalea birarazi bazuen, alferrik etorriko dira itsas bataila bila. Ontzia ez da han egongo, negoziazioaren eta eztabaidaren uretan baizik. Eta berandu badatoz, igual porturatu garela ikusiko dute, onartu zein ez. Ez dakit independentziaren hurrengo portua Eskozia, Flandria, Groenlandia edo Euskal Herria den. Baina gure ontzia horrantz doala bai. Eta euskaraz joango dela dioskute erdialdeko arduradunek. Ez dakienak ikasi beharko du. Euskarazko prentsaurrekoengatik sumindu diren kazetariek azalpenak eman beharko dizkiete irakurle/ikusentzuleei, zelan diren horren aditu hainbeste urtean bertako hizkuntza jakin barik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.