Noiz edo noiz suertatuko zitzaizun ur handitan ibiltzea eta sentituko zenuen beldurra eta bertigoa... eta ekaitza noiz bukatuko desioa. Baina, aldi berean, sumatuko zenuen olatu erraldoiek zugan esnatzen zuten adorea hil ala biziko aferetan zenbiltzanean. Ikusiko zenuen nola lurruntzen ziren ezerezean eguneroko bizitzaren arazoak, Poseidon eta lestrygon boteretsuekin zeunden borroka bitartean. Nola zuretzako idatziak ziren heroien legendak. Nola poema sakonenek bat egiten zuten zure barruko musikarekin. Nola hartzen zuen bolumena zure itzalak eta nola ilargi beteak bere buruari begiratzen zion zure begietan.
Ekaitza baretuko zen gero. Eta onik aterako zinen. Eta iritsiko zitzaizun bakea, kaira iristean.Eta gogoratuko zenituen,hasieran bizi-bizi, gau ilunaren bakardadean jositako amets miragarriak.
Baina, pasako zen denbora eta oroipen lauso bilakatuko ziren ametsak... Gaurdaino.
Eta gaur, bestetan bezala, esnatu eta jaiki zara, arin gosaldu, korrika batean autobusa hartzera iritsi juxtu; semaforo guztiak gorrian tokatu, lantokira berandu ailegatu eta, hango zereginetan ia aurreratu gabe, hala moduz itxi duzu laneguna; etxerako bueltan supermerkatutik pasa eta dirurik gabe zeundela konturatu zara. Buelta atzera eta aurrera deskalabru txikietan trabatuta. Beste askotan bezala. Kalamidadea! Olatu erraldoien gainean ibili zena ur korronte txikietan itotzen ari da orain, dotorezia gutxiko aferetan kateatuta.
E! Gelditu istant bat. Hartu arnasa. Begiratu iezaiozu une batean zeure buruari. Zu zara. Poseidon eta lestrygonekin borrokan ibili zena. Zuretzat daude idatzita heroien legendak. Zure barruan dago poema sakonekin bat egiten duen doinua. Zure begietan begiratzen dio bere buruari Ilargiak... Zu zara.
Eta ez ezazu ahaztu bihar, berriz jaiki eta autobusera korrika batean juxtu iristen zarenean.
Larrepetit
Zu zara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu