BERRIAko irakurleen liburu eta disko gogokoenak Ikusi emaitzak

Arranotxu, euskal gerlari mitikoa

Zaldieroa (Huarte, Patxi)

Arranotxu, Euskal Gerlari Mitikoa da Xabiroi komiki aldizkariaren eskutik Patxi Huarte Zaldieroak osatu duen azken komiki albuma, urteotan Xabiroi komiki aldizkarian argitaratzen joan diren Arranotxuren istorioekin osatu dutena.


Xabiroi komiki aldizkariaren bildumako beste ale bat da Arranotxu, Euskal Gerlari Mitikoa, baina ezohiko bilduma da. Batetik, ez delako aldizkariak urtero argitaratzen duen bildumaren zati, bilduma horretatik kanpokoa da; bestetik, formatua bera ere ez delako Xabiroik argitaratu dituen bildumen berdina. Azkenik, Xabiroiren bilduma bakoitzak istorio bat kontatzen du, hilabeteetan komiki aldizkarian atalka argitaratzen joan diren istorio baten bilduma da zenbaki bakoitza; Arranotxu, aldiz, komiki aldizkariaren zenbaki bakoitzean hasi eta bukatzen den istorio bat da; bilduma, beraz, bina orri dituen hamaika istorioz osatzen da, istorio guztietan Arranotxu eta beste zenbait protagonista errepikatzen diren arren.


Ama Oihana eta aita Haizearen semea da Arranotxu, Euskal Gerlari Mitikoa. Arranomendin du base sekretua, eta bertan galtzagorriak jo eta su ari dira Arranotxurentzat gailu eta tramankulu desberdinak ekoizten. Orrietan barrena, pertsonaia ugari agertuko dira; mitologikoak eta elezaharretakoak batzuk (Tartalo,  Basajaun, lamiak, galtzagorriak, Teodosio Goñikoa…), superheroi amerikar zenbait (Superman eta Batman, esaterako), animalia eta piztiak (basurdeak, herensugeak...), eta, ez beti baina askotan, istorioei sarrera ematen dioten aitona eta bi ilobak, esaterako. Guztiarekin, Patxi Huarte Zaldieroak unibertso bat osatu du Arranomendi inguruan.

Argitaletxea: Ikastolen Elkartea

Generoa: Nobela grafikoak eta komiki liburuak

Orri kopurua: 88

Albistea: Zaldieroaren 'Arranotxu' kalean dago

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.