BERRIAko irakurleen liburu eta disko gogokoenak Ikusi emaitzak

Elurra elurraren gainean

Castillo Suarez

Zer ote du elurrak Castillo Suarezentzat? Beti-batekoa baita bere unibertso poetikoan.

14 poema eder bildu ditu liburu ezin zainduago honetan –kalitateko papera eta azala, Txakur Gorriko nesken irudiak, Fernando Reyren gaztelaniarako itzulpena eranskin gisa–. Agerikoa da maitasun handiz prestatutako poema-liburua dela. Izan ere, 14 enkargu daude haren oinarrian, batzuk Castillori eginak, eta beste batzuek Castillok bere borondatez sortuak, baina denetan omenaldia egin die Castillok asko estimatzen dituen pertsona bizi edo hil batzuei, bere unibertsoan garrantzia duten erakunde batzuei.

Ohi bezalako begiratu erne eta sakonarekin marraztu ditu pertsona batzuen bizitza eta balioak, erakunde batzuen fruitua eta lana, haiek denek, elurrak bezala, arrasto ezin ezabatuzkoa uzten baitigute emeki-emeki gure ibilaldian pausatzen direnean, gure existentzia markatzen dutenean.

Iradokizun-indar handiko poemak dira, eta nahasirik dituzte, oreka ezin hobean, sinpletasuna eta edertasuna.

Ilustrazioak: Txakur Gorria kolektiboa

Argitaletxea: Egilea editore

Generoa: Poesia