Lau tunel. Zortzi urte. 95 milioi euro. 2018an tunelak berritzeko obrak hasi eta gero, bihar irekiko dute guztiz A-15 autobiaren Gipuzkoako zatia. Ez dute zehaztu zer ordutan. A-15 autobia moztuta dago Andoain eta Berastegi artean: obretako eta obrek iraun duten bitartean jarritako ingurabideetako elementuak kentzen joango dira apurka, eta larrialdi baten simulazioa ere egin behar dute, segurtasun sistema guztiek ondo funtzionatzen dutela egiaztatzeko. Foruzainen arabera, mozketa 22:00etan amaituko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak berritu egin ditu A-15 autobiaren Gipuzkoako zatiaren lau tunelak: Belabieta, Gorosmendi, Oindolar eta San Lorentzo. Berez, izenez, lau tunel dira, baina praktikan zortzi dira, bi noranzkoetan baitaude. Belabietakoa da luzeena: 1.836 metro ditu. Segurtasun sistema berriak jarri dituzte —«maila handienekoak»—, eta tuneletako eraginkortasun energetikoa hobetu dute. Segurtasuna hobetzeko 150 kamera inguruko sistema bat jarri dute.Â
Eskerrak herritarrei
«Aurrerapauso garrantzitsua da», Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren esanetan. Obrak ikustera joan da asteon, eta eskerrak eman dizkie obren ondorioak jasan behar izan dituzten herritarrei, bereziki inguruko herrietan bizi direnei. Izan ere, lanek iraun duten zortzi urteetan autobia zabalik egon da, baina ingurabideak jarri dituzte obrak egin ahal izateko, eta zati horietan lerro bat bakarrik egon da noranzko bakoitzean.Â
Tuneletako asfaltoak sentsoreak ditu azpian. Gai dira kontrako bidean doazen ibilgailuak atzemateko, ibilgailu kopurua neurtzeko eta auto pilaketei aurrea hartzeko. Tuneletako aireztapen sistemak etengabe neurtzen du airearen kalitatea, «eta algoritmo aurreratuen bidez erregulatzen da funtzionamendua». Tunelen barruan suteren bat piztuz gero, gai izango litzateke «tunelaren gangan kea jasotzeko eta han eusteko, tunela husteko denbora eman dezan».Â