Berriaren irakurle askotarikoa zaren aldetik:
Berripaper osoan, orrialde eta albiste guztietan, lerro bakoitzean eta orotan askatasunaren tinta-usain askotarikoa bilatu eta sentitzea...
...zure eskubidea da.

Berriako kolaboratzaile bat naizen partetik:
Zutabe guztietan, kaleratzen ditudan iritzi eta hitz beste denetan, askotarikoon askatasunari tinta-usain ahalik zehatzena zukutu eta eskaintzea...
...da nire obligazioa.

Anjel Lertxundi

Eguna irakurtzen dute egunkariko orriek
goizaldetik gauera.
Eguna irakurtzen digu BERRIAk ere
kiromantzia ariketa eginez,
euskaldunon esku ahurra irakurri ahala.
Eta beldur barik zabaltzen diogu eskua,
bostekoa emateko,
atzamarrak atzamarrekin kateatzeko,
laztantzeko,
estutzeko...
egunaren zati bat jartzen digunean eskuetan,
garenaren zati bat uzten digunean
ahurrean tinta beltzez idatzia.

Leire Bilbao eta Castillo Suarez

Harremanetan dagoeneko ez dagoela ia ezer berririk eta noizbait beste norbaitekin sentitu izan dugunaren bilaketa etengabea dela bizitza irakurri nuen behin liburu batean. Norbaitek lehen aldiz hain berezi sentiarazi eta maitatu gintuelako bilatzen dugula orain maitasuna beste nonbait, eta hain berezi sentiaraziko gaituen norbait.

Kontua ez da guk nola maite dugun, baizik gu nola maite gaituzten. Haien estiloagatik edota begiengatik baino gehiago, modu batera edo bestera maite gaituztelako hautatzen ditugu maitaleak, epe luzerakoak behintzat.

Horregatik gosaltzen dut goizero BERRIArekin. Noizbait beste norbaitek bezala, euskaraz irakurtzen nauelako egunero. Lehen aldiz Euskaldunon Egunkaria-k bezain berezi sentiarazten nauelako behin eta berriro, bizitza nire hizkuntzan ekarriz.

Harremanetan dagoeneko ez dago ia ezer berririk, baina begiratzen nauen moduarekin egunero berritzen nau BERRIAk.

Gari Berasaluze

HORIEK GUZTIEK

Enrique Vila-Matas idazle ezagunak zioen, egunkari honetako elkarrizketa ezagun batean: “garbi dago ez dela posible irakurketa isolatua ez erabat pertsonala egitea, irakurketa oro tradizio baten baitan kokatzen da, eta ni kate horren begi txiki bat baino ez naiz”. Vila-Matasen soka luzatu dute, gerora, Kari Hotakainen finlandiarrak, Lydia Flemek, John Donne eta poeta suizidek (edo suizida poetek), Jordi Popek, Lorcaren narrazioek, idazle japoniarrek, Kavafisek, Imre Kertezsek, Simone de Beuavoir eta Virginie Despentesek. Horiek guztiak ere irakurtzen baititu Berriak; horiek guztiek ere irakurri baitute Berria.

Kevin Heredia

Sekula ezagutu ez dugun maitasuna

Ondo gogoan dut Euskaldunon Egunkaria itxi zuten egun goibel hura; 2003ko otsailaren 20a, ezin ahaztu. Esnatu berri, irratian entzun nuen notizia eta lehenik eta behin Mikel Urdangarin adiskideari hots egin nion estu eta larri. Lotan zegoen gaisoa eta itzartu egin nuen. Betiko itzartu. Handik gutxira, Egunkariaren Gasteizko egoitzara joan ginen bi-biok. Hantxe zeuden guardia-zibilak egoitzatik ordenagailuak eta kutxak ateratzen, hantxe jende andana ere, egunkari euskaldunari babesa eman nahian. Mikel ohetik altxatu berri agertu zen bertara, ileak nahasi oraindik eta begiak puztuta. Baina itxura horrekin sekulako argitasuna erakutsi zuen lagunak. Medioek galdetu ziotenean zer irizten zion egoerari, hark niri orduan bururatuko ez zitzaidan erantzuna eman zuen. Esan zuen zeinen babesgabe gauden euskaldunak, zeinen erraz itxi ahal diguten egunkari bakarra, horrenbeste kosta eta gero. Babes falta, gure egoera xinglea, horra Mikelek azpimarratu nahi izan zuena. Haserretik harago joan zen, momentuko beroalditik. Harritu egin ninduen Mikelek orduan, egia esan behar badut. Ohetik altxatu berri zen mutil hark bete-betean asmatu zuen, nire ustez.

Eta gaur, Berriak bost urte bete dituelarik, uste dut buru argitasun hori behar dugula euskaldunok. Bereizten jakin behar dugula zer den benetan garrantzitsua, eta zer ez. Goizean jaiki eta egunkaria irakurtzea, munduko edozein bazterretan horren ekintza txikia den gauza hori, horretxek du garrantzia niretzat. Euskaraz bizi ahal izatea, normaltasunez.

Nik beti pentsatu izan dut gure bizitzan sartzen den pertsona berri batek ez duela aurreko baten tokia hartzen. Harreman bat bukatzen denean eta beste bat hasi, berriak ez duela zanpatzen aurrekoaren lekua. Lurralde hori betiko izango dela harena. Gauzak horrela, inork inoiz hartu ez duen tokia hartzen du harreman berriko pertsonak, oinatzik ageri ez den zelai elurtu bat. Eta sekula ezagutu ez dugun maitasuna sentitzen dugu berarekin. Euskaldunon Egunkariaren kasua ere halaxe zen. Inork zanpatu gabeko larre berdea erakutsi zigun egunkariak bere garaian, ez baigenuen izan ordura arte euskarazko egunkaririk. Eta horixe bera da Berriak eskaitzen diguna, ibili gabeko itsasoan barrena eramango gaitu, guk nahi izanez gero. Sekula sentitu ez dugun maitasuna, horixe da azkenean Berriak ematen diguna. Eta babesa, maitasuna horixe baita azkenean, babesa. Nahiz eta babes hori txikia izan, eta hauskorra.

Kirmen Uribe

Jaun-andreok, arratsaldeon!

Duela 5 urte abiatutako BERRIA egunkaria Euskarazko Komunikazio Taldeak, EKTk, kaleratutako lehen emaitza izan zen. Lau hilabete lehenago itxia ziguten Egunkariaren tokian beste bat sortzea zen presarik handieneko lana eta, zorionez, azkar batean hori errealitate egin genuen, zuei eta zuek bezalako beste milaka lagunei esker. Zorionak, beraz, guztioi!

Dena den, EKT ez zen sortu bakarrik egunkari nazional bat egiteko, komunikazio talde bat izan genuen hasieratik helburu eta horretara bideratu dira lau urteotako ekimenak. Etorkizuna ziurtatu nahi badugu, egitura sendo eta indartsua behar dugu, unean uneko proiektu solteez gain, egitura sendo bat izatean ziurta dezakeelako, etorkizunean proiektu berriak ekartzea.

Lehen bost urteotako lana egiturak sendotzera bideratu da, beraz. Batetik, hedabideak sortu eta garatuko dituzten komunikazio enpresak egituratu ditugu, prentsan, Interneten edo telebistan proiektuak garatzeko gaitasuna izango duten enpresak. Bestetik, hedabideen garapena ziurtatzeko ezinbesteko diren zerbitzuak eskainiko dituzten azpiegiturak ere izan ditugu helburu, publizitatea, administrazio lanak edo banaketa euskarazko hedabideetara egokitzen lagunduko duten enpresak jarri ditugu martxan.

Lehen bost urte hauetan, nazio mailako hedabideak garatu ditugu prentsan eta Interneten: Berria, Nora eta Iragarkilaburrak. Baina, tokiko komunikazioari ere egin diogu lekua, eskualde mailako Hitza egunkarien sorreran parte izan gara, eta euskarazko tokiko telebistak ziurtatzea helburu duen Hamaikan ere parte hartu dugu.

Lehen bost urte hauek garrantzi handikoak izan dira egitura sortzen eta sendotzen joateko (18 enpresa abiatu dira eta 380 lanpostu eratu), eta aurrera begira, oinarri hau abiapuntu izanda, indarrean da EKT hurrengo urteetako dituen erronkei eusteko. Baina 5 urte hauetan hona iristea, besteak beste elkarlanean sinistu dugulako izan da: EKTn beti izan dugu oso argi indarrak biltzea bide eraginkorra dela, guk bakarrik ezin diogula gauza guztiei eutsi eta aurrera egingo badugu beste batzuekin batera joatea ezinbestekoa dela. Bide hori aukeratzeak ekarri ditu zazpi Hitza, Nora aldizkaria, Hamaika eta abar.

Honainoko bidea eginda, hurrengo bost urteetan, zabalkundea izango da gure erronka, euskaraz gero eta gehiago irakurri, entzun eta ikustea hedabideak. Horretarako bi bide garatuko ditugu:

Sustapena. Gero eta euskaldun gehiago euskarazko hedabideetara erakartzea lortu behar dugu, euskarazko hedabideak ezagunago eta erakargarriago eginez.

Eta hedabide berriak sortzea. Euskaraz gero eta eskaintza zabalagoa izatea ezinbestekoa da euskarara gero eta jende gehiago ekartzeko eta horretarako eskaintza ugaritu beharra dugu

Eta hau guztia lortu nahi badugu, gutxienez, hiru gauza behar ditugu:

Bat. Egitura eta lan talde sendo bat. Jada garatzen ari garena.

Bi. Elkarlana eta guztion laguntza, Euskal herrian euskaraz bizi nahi dugunok, bat eginda, elkar lagunduz, gero eta hedabide gehiago eta hobeak lortuko ditugu, euskaraz bizitzea gero eta errazagoa izan dadin lortuz.

Hiru. Euskaldun eleanitzak biziko diren herri euskaldun bat lortzea bideratuko duen hizkuntza politika eraginkor bat, lehen genioen bezala, urratsak egitetik saltoak ematera eramango gaituena.

Guztiarekin, ziur izan, etorkizuna gurea da.

Bukatzeko txalo bero bat honaino bidea egitea posible egin duzuen guztiontzat, zuen guztiontzat, administrazio kontseiluarentzat eta egunez egun lanean ari den lan taldearentzat. Eskerrik asko.

Juan Joxe Lizarribar

Lujanbio: “Zutabe on bat idazteko argibideak.”. Lehen puntua: banitatea ahaztu.

Cano: Hmmm... Gaur Maialenek nik baino zutabe hobea idatzi du!

L: Bigarren puntua: banitateaz gogoratu.

C: Hmmm... Gaur idatzitakoarekin kalera lotsatu gabe atera naiteke, behintzat... Bost egun daramatzat ogi gogorra jaten.

L: Hirugarren puntua: idazteko garaian ardura izan, argitaratu ondoren ez arduratu.

C: Eta irakurleari ogi gogorra edo mami xehatua, zer eman?

L: Laugarren puntua: nahi duzun tonua eta neurria...

C: Ez al da puntu gehiegi jartzen ari? Gai-jartzailea ematen du...

L: Gai-jartzaile gupidagabea da aktualidadea...

C: Horregatik dago hainbeste bertsolari BERRIAn.

L: Zer litzateke Eskualerria pilotarik gabe... eta “berria” bertsolaririk gabe. Bertsolariak dira “berria” gehien agertzen direnak... Martxelo Otamendiren ondoren, jakina...

C: Tira, batek daki hark ere ez ote duen bertsotan egiten, “intimitatean”...

L: Intimitatea... beti norbait begira dagoen leku hori. Intimitatean idazten biluzten zara eta gero voyeur pila bat dago idatzi duzunari begira...

C: Berria egunkari intimoa da, agian? Agian haren usaina dugu guk. Definitu egiten gaitu, gurutzegrama batek bezala.

L: Autodefinituak egin ezin dituenak horixe egin behar: hutsuneak bete.

C: Jendeak ez omen du deus irakurtzen. Irakurtzen dutenek ez dute deus ulertzen. Eta ulertzen duten apurrek berehala ahazten dute irakurritakoa.

L: Amek intelektualek baino askoz lehenago esan zuten: Hainbeste denbora kozinan eta gero bi minutuan dena jateko!

C: Zertarako idatzi, orduan? Zertarako egin egunkari bat?

L: Goizean buzoira jaitsi eta egunkaria aurkitu... Plazerra... Lehengo mendeko plazer bat, bi espezie desagertze arriskuan: egunkaria eta buzoia.

C: Eta idazlea? Bada idazle bat orain bost urtetik oraindik egunero idazten ari dena... Lehengo mendekoa izan behar du derrigor...

L: Urteekin ontzen omen dira ardoa eta idazlea.

C: Hori idazleak zenbat ardo edaten duen arabera ere egon daiteke...

L: Idazlea ondu eta idatzitakoa berriz umotu.

C: Idatzia umotu eta aktualitateko gaiak lizunak jan.

L: Ba, ez dago erraza hemen “gaia”, gure gaia, konpostatzen... Kontserbante/dore gehitxo nonbait...

C: Ez da beti gaurko egunkaria nahi ordurako zahartzen...

L: Eta aldi berean gaurko egunkaria zaharra da gaurko. Biharkoak gaur ateratzen hasi beharko da...

C: Beti bezperako egunkaria irakurtzea onena: denbora ikaragarri aurrezten da.

L: Hala dirudi herri honetan... beti bezperako egunkaria irakurtzen ari garela...

C: Desesperatuak ez, bezperatuak bizi gara, agian?

L: “Bizi gara”, “Gu”, “herri honetan”: ze subjektu lanbroak beti zutabeetan... Nork esan zuen ez garela herri plurala?

C: Bat bakarra izan eta norbere izenean hitz egitea nahikoa ez balitz bezala! Ardiak ardiari hitz egin beharrean, artaldeak hitz egiten dio artaldeari...

L: Irakurlea hor dagoela sentitzen duzu igoal, baina ez da erraza harekin topo egitea

C: Baina batzuetan gertatzen da...

Maialen Lujanbio eta Harkaitz Cano

L’èuscar, certament, no és la llengua de Catalunya, però això no fou impediment perquè els catalans donéssim el nostre suport a Egunkaria, quan va ser injustament criminalitzat i clausurat, ni perquè rebéssim amb joia el naixement de Berria. Així vam voler demostrar que no cal parlar una llengua per respectar-la i vam transmetre al poble basc l’estima que sentim pel seu país. El seu procés de normalització nacional mai no seria possible sense un diari com Berria, la qual cosa li confereix una gran responsabilitat, atès que, a diferència d’altres mitjans de comunicació, no es pot limitar a ser un mer narrador de la història, està destinat per naturalesa a ser-ne part.

Víctor Alexandre



Euskara ez da, noski, Kataluniako hizkuntza, baina horrek ez zuen eragotzi katalanok sostengua ematea Egunkaria-ri, modu bidegabean kriminalizatu eta itxi zutenean, eta, era berean, ez zuen eragotzi katalanok pozik hartzea BERRIAren sorrera. Horrela, erakutsi nahi izan genuen ez dela ezinbestekoa hizkuntza bat hitz egitea hura errespetatzeko, eta adierazi nahi izan genion euskal herriari zenbat estimatzen dugun. Haren nazio normalizaziorako prozesua ezinezkoa izango litzateke BERRIA bezalako egunkaririk gabe, eta horrek erantzukizun handia ematen dio; izan ere, beste komunikabide batzuk ez bezala, ezin da izan historiaren kontalari hutsa: berez, historiaren parte da.

Víctor Alexandre

"Herri bat gara" esan diogu lagun atzerritarrari. "Bai? Zer daukazue ba?". "Begira", eta orduan erakutsi dizkiogu mendi-itsasoak, kantuak, dantzak, jan-edanak, historia eta istorioak... eta Berria. Egunkari bat ez da -ez da soilik- herria garela erakusteko totem bat, egunero-egunero herri egiten gaituen tresna baizik. Bitrinarako baino egokiagoa da, leitu eta gero, bokadilloa biltzeko. Baina horrez gain, egunkari bat bere gizartearen adierazgarri baldin bada, Berriak garen baino ederrago agertzen gaituela esango nuke, fotografo onenen gisan: toleranteago, jantziago, batuago, solidarioago, euskaldunago. Biharko Euskal Herria, Berriaren antzekoago izatea: horra nire desioa, horra gure desafioa.

Xabier Mendiguren Elizegi

www.berria.eus 2008