Mendi ibilaldia

Erroizpe-Laarte, Tolosaldeko begiratoki aparta

MENDIA. IBILBIDEA. Erroizpe-Laarte, Tolosaldeko begiratoki aparta.
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Ibarra, Leaburu, Erroizpe, Laarte, Gaztelu
  • Distantzia: 12,7 km.
  • Iraupena: 3 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Erroizpen abiatzen den mendilerroak Berastegi ibarra babesten du, eta balkoi paregabea zabaltzen da Tolosaldera, Aralarrera, Herniora... Ibarran abiatu eta bukatuko dugu txangoa.
  • Estekak: Ibilbidea
ramon olasagasti
2008ko azaroaren 28a
00:00
Entzun

Ibarrako plazatik bertatik eskailera batzuk igotzen dira Uzturpe ikastolara, kiroldegiaren atzealdetik. Ikastolaren ondoan dago Egi baserria; etxalde horrek ematen dio izena ondoko baserri multzo eta inguru osoari: Egialde. Egiren saihetsetik bidexka bat abiatzen da Etxezarreta baserri ederrera. Muino-muinoan, lerden, Ibarra osoa zaintzen du Etxezarretak bere armarritik. Hor kokatu zen Ibarrako lehenbiziko auzunea, XIII. mendean. Etxezarreta leinua, nobleziakoa, bizi zen han, eta hortik jaso zuen izena. Baserriaren aldamenean, ezkerrera hartuko dugu, PR ibilbide labur baten seinaleei jarraituz. Garbitoki zahar bat eta karobi bat ikusiko ditugu ezker-eskuin. Bidea, lokaztuta askotan, hainbat aldiz banatzen da; seinale zuri eta horiek zintzo eramango gaituzte, ordea, Leaburuko bentaraino. Benta garrantzitsua izandakoaren errautsetan etxe bat eraikitzen ari dira egun.

Leaburuko kaskora aterata, errepidez egingo ditugu metro batzuk, Artetxe baserriraino. Haren aldamenean pista moduko bat abiatzen da. Aurki, PR-Gi 12aren zutoin batzuk ikusiko ditugu. Gaztelura doan bidea eskuinera utzi (handik itzuliko gara) eta Gabirondoko txabola aldera hartuko dugu; ezkerrera, beraz. Leaburuko ur-biltegian, berriz, eskuineko bideari helduko diogu. Hauspoan antzemango diogu aldapa bizitzen ari dela. Azkenaldian dezente aldatu da ibilbidearen zati hau, gasbidearen lanak direla eta pinudi soiltzeak direla. Aldapa zertxobait lasaitzen denean, langa baten ondoan, iturri fresko bat aurkituko dugu. Metro batzuk aurrerago, eskuinera utziko dugu orain arte lagun leial izan dugu PR ibilbidea, eta ezkerrerantz eta gorantz ekingo diogu, Erroizpeko gandorraren bila. Malda berriro ere bizitu egiten da, bide nagusiago baten bihurgunera atera arte. Bidegurutze honetara bueltatuko gara gero, beherakoan.

Uso paradak ikusiko ditugu ezkerrean, eta zelaigune baten ondoren, Erroizpeko azken aldapa agertuko zaigu parez pare. Harri pila txiki batek erakusten du zidorraren abiapuntua. Azken izerdi tantak isurita helduko gara tontorreko zelaigune zapalera. Erpin geodesikoak eta Argitxoren buzoiak jartzen diote txapela gainari. Balkoi parerik gabea eskaintzen du Erroizpek: hara han Uzturre, eta Urkita, eta Aralarko gainak elurtuta, baita Herniozabal ere laino beltzen artean zuri, eta Aizkorri urrunago, eta ekialdera Ipuliño, Ulizar eta Leitza aldeko mendiak... hara hor behean Gaztelu, eta Tolosaldeko beste herri koskor mordoa...

Parean da Laarteko gain borobildua; hara ere jo dezakegu nahi izatera, lepoxka bateraino apur bat jaitsi ondoren. Etorritako bidean jaitsiko gara gero, arestian aipatutako bihurguneraino. Han, ezkerrerantz jarraituko dugu, Gaztelurantz. Gabirondoko txabolatik bueltan datorren PR-Gi 12aren arrastoak elkartuko zaizkigu berriro hurrengo bidegurutzean, eta zidor horrekin batera jaitsiko gara Gaztelura. Ur biltegiaren ondoren, Santiagoenea baserri puskak egingo digu lehen agurra. Atarian, ondo hornituta daukate egurtegia. Neguari aurre hartu behar zaiola gero! Errepideari jarraituz, plazaraino jaitsiko gara. Merezi du Gazteluk tarte bat hartzea; hango baserri harrizkoek harrituta utziko dute bat baino gehiago.

Gaztelutik Leaburura

Plazan bertan, errepide bat abiatzen da hilerri aldera. Errepidetxo horrek, Osto, Ostotxiki eta Arantzasti baserrietan barna, Gabilondo baserriraino eramango gaitu. Han amaitzen da errepidea. Gabilondoren goialdean, zidorra estutu eta basoan barneratzen da, beherantz. Bihurgune dotoreak marrazten ditu xendak, Erroizpeko mendilerrotik jauzika jaisten diren errekastoen artean. Leabururaino gozamena da bidexka.

Leaburun, errepidez tarte bat egin eta hilerriaren ondoan abiatzen den hormigoizko bidea hartuko dugu. Apattaerrekako industrialdea berehala agertuko zaigu begien aurrean. Lehen bidegurutzean, hormigoizko pista utzi eta lur bideari helduko diogu eskuinera, eta bi bidegurutze aurrerago, berriro ere eskuinera. Belardi hesituen artean Ibarrako ur-biltegiraino jaisten da bidexka, Apattaerrekako biribilgunetik oso gertu. Biribilgunean, Ibarrako hilerrira hartuko dugu, eta eskailera amaigabeetan behera, plazara jaitsiko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.