Mermoz orratzean, 'Japoniako lorategiak'
Azken urteetan Patagoniako espezialista bihurtu da Colin Haley eskalatzaile gaztea. Garibottirekin, Torre mendiguneko pokerra osatu zuen 2008an, gailur guztiak zeharkaldian lotuta. Aurten ere zukua atera dio Patagoniako egonaldiari. Abendua hastearekin batera iritsi zen Chaltenera (Argentina), eta 2010. urtea bukatzerako Standhardt orratzeko Exocet klasikoa eskalatu zuen aurrena. Inozente egunarekin batera, berriz, Fitz Roy mendiguneko Mermoz orratzean (2.723) Japoniako lorategiak (650 m, 5.10, A1, AI4, M5) bidea ireki zuen, Jens Holsten eta Mikey Schaefer sokalagun hartuta. Mendiaren ekialdeko horman ireki zuten bidea, eta 26 orduko jarduera borobildu.
Duela bi urtetik zuen begiz joa Mermoz orratza Schaeferrek, eta aurrez Holstenekin saio bat egina zuen bertan; eguraldi aldaketa bortitz batek eragotzi zien eskalatzea. Abenduaren 28an Haleyrekin indarrak batu, eta hirurak abiatu ziren Mermoz orratzeko hormara. «Izotza eta harkaitza uztartzen dituen ageriko korridore batetik gora eskalatu behar da, eta iparraldeko ertzean Argentina bidearekin bat egiten du tontorreraino», argitu du Haley berak.
Gozatu egin dutela diote eskalatzaileek beren mezuetan. «Alpinoan eskalatzeko osagai guztiak ditu bideak: izotza, eremu mistoko luzeak, artifizialean eskalatzeko luzeak eta kalitate oneko granitoa bukatzeko». Dena dela, arrisku uneak ere izan zituzten, Haley sokaburu ari zela erori egin baitzen.
Beste bi bide ere eskalatu ditu Colin Haleyk Patagoniara egindako bidaian: Guillaumet orratzaren ipar aurpegiko Brenner-Moschioni, Tommy Caldwellekin, eta St. Exupery orratzeko Kearney-Harrington.
Cerro Pollonen,bide berria
Rolando Garibottik urtea hastearekin batera irekitako bi bide nabarmendu ditu: Neil Kauffman eta Jim Toman estatubatuarrek Cerro Polloneren ekialdeko tontorrera egindako lehenengo igoera —Re puesto! izenarekin bataiatu dute bidea (600 m, 6b, A1)—, eta
Kauffman eta Toman bikoaren asmoa Fitz Roy mendira Afanasieff bidetik igotzea zen, baina eskalatzaile gehiago hara joatekoak zirela eta eguraldi iragarpena zalantzazkoa zela tarteko, Cerro Pollonera abiatzeko erabakia hartu zuten.
Goroldioak zikindutako arrakala batetik gora hasi zuten eskalada. «Deserosoa egiten zuen eskalada, irristakorra», idatzi du Kauffmanek. Lehenengo luzea gaindituta, granitozko tximinia batetik jarraitu zuten. «Izotza aurkituko genuelakoan, material asko generaman, eta horrek mantsotu zuen eskalada». Katu oinak jantzita eta harkaitzean gora osatu zituzten lehenengo bost luzeak, eta hori bukatu, eta elur zabaldi batera iritsitakoan jantzi zituzten botak eta kranpoiak, eta pioletak hartu. 200 metroko tartea zuten aurretik, ertzeraino, eta handik aurrera topatu zituzten zailtasunik handienak: «Plaka leun eta ia heldulekurik gabekoa genuen aurrean, eta ordurako nekea igartzen hasiak ginen. Pendulu bat eginez saihestu genuen, eta, horren ondoren, harkaitz bustia gainditzeko, artifizialean eskalatu».
Neke zantzuak agerikoak zituzten ordurako, eta handik tontorrerako tartea luzea egin zitzaien. «Artifizialeko teknikak baliatu behar izan genituen ostera, eta gailurrera bidean azken oztopoa helduleku gutxiko beste plaka bat izan genuen», azaldu dute. Tontorrera 20:00 jota iritsi ziren, azken argi izpiekin. Begien aurrean zutena defini ezina: «Surrealista zen ikusmira; mendebaldean,Fitz Roy mendigunea; pixka bat hegoalderago, Cerro Torre. Gaztelu itxurako Cerro Murallon erebistan genuen, eta izotzaren zuriaeta urdina, mendien harkaitzaren iluna eta urruneko basoen berdea, baita Argentinako panparen marroi kolorea ere. Sinestezina». Hiru rapel prestatu, jaitsi eta gaua pasatzeko bibaka prestatzea erabaki zuten.
Fitz Roy mendigunea 'abordatzera'
Izen horixe jarri diote Luciano Fiorenza eta Jimmy Heredia argentinarrek eta Sergio Tartari brasildarrak Fitz Royko Goretta pilarearen ipar-mendebaldeko aurpegian ireki duten bideari: Abordatzera!. Luzea da bidea, 900 metro pasatxo zutitzen da, eta 25 luzetan banatzen, eta, eskalatzaileen arabera, 6b eta A2 zailtasunak ditu. «Hormari begira jarri, eta ebidentea da bideak hartzen duen traza. Erdialdetik gora eta azken zatian, zoragarria da eskalada, eta harkaitzaren kalitatea, aparta», idatzi dute. Luzeetako batzuk artifizialean gainditu dituzte Fiorenzak, Herediak eta Tartarik, baina librean eskalatzeko modukoak direla uste dute.
Piergiorgio orratzean, arrastoa
Jon Griffith eta Will Sim eskalatzaileek Piergiorgio mendiaren (2.719) ekialdeko horman utzi dute arrastoa. Estilo alpinoan eta egun bakarrean osatu dute Cerro Torre mendiguneko orratzerako bigarren igoera. Egun batzuk lehenago, Standhardt orratzeko Exocet ere eskalatu zuten, eta Fitz Roy mendiko Supercanaleta zuten hurrengo asmoa. Eguraldi iragarpenak eta beste hainbat eskalatzailek helburu bera zutela ikusteak eraman zituen Piergiorgio orratzera. Ekialdeko horma Jorge eta Pedro Skvarca argentinarrek igo zuten, 1963an; ordutik, beste erreferentziarik ez zegoen.
Eskaladaren abiapuntura iristea izan zuten lantegi nekeza Griffithek eta Simek. Handik gora, Patagoniako eguraldiaren loterian saria egokitu zitzaien: «Tximinia batetik abiatzen da, eta haizetik babesten ginen bertan. Arratsalderako gainera, eguzki printza batzuk atera ziren». Lehen luze horretan izotz eta harkaitz eremuak gainditu zituzten, «dibertigarriak eta nahiko errazak», eta bigarren luzea artifizialean gainditu zuten. Bidearen giltza hirugarren luzean kokatu dute eskalatzaileek: «Eskoziako eskalada erreferente hartuta, 7. maila izango zuen».
Tximiniatik aterata haize bolada indartsuekin egin zuten topo bi eskalatzaileek, baita eguraldi aldaketa zetorrela adierazten zuten zantzuekin ere. Bizi-bizi gorantz jarraitzea erabaki eta 60 metroko izotz plaka bat aldez alde zeharkatu, eta beste bi luze eskalatuta iritsi ziren gailurrera daraman lepora. Tontor txiki asko ikusi zituzten bertatik, eta bi eskalatzaileek zalantza dute haiek igotakoa tontornagusia ote den. «Elur onddo bat igota iritsi omen ziren argentinarrak, 1963an, eta laino artean ikusi genuen onddo bakarra igo genuen guk. Ez dakit gailurra den igotakoa, baina eguraldi txarra gainean genuen, eta jaistea erabaki genuen», dio Griffithek.