Mendia

Himalayako espedizioek beheko kanpalekua utziko dute aurki

Himalayako euskal mendizaleak azken prestaketak amaitzen dihardute; aurki hasiko dira mendian gora

Adrian Garcia.
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Iragarpenak bete dira, eta Himalayako espedizioetan murgilduta dauden mendizaleak prestakizunak betetzen dihardute beheko kanpalekuan.

Edurne Pasaban eta haren espedizioa osatzen duten Asier Izagirre, Nacho Orviz eta Ferran Latorre iragan larunbatean iritsi ziren beheko kanpalekura, hurbiltze ibilbidea burutu ostean.

Munduko gailurrik altuena igo asmo duten espedizio komertzial andana kokatu da jada beheko kanpalekuan, eta udaberrian izan ohi duen herrixka itxura hartu du. Ugariak dira urteko sasoi honetan Everest igotzeko ametsa bete asmo dutenak. Espedizio komertzial horien artean ia oharkabean igaro da Edurneren taldea.

Everestek garaiotan pairatzen duen masifikazioaren ondorioak azalean sufritu zituen mendizale tolosarraren espedizioak beheko kanpalekura iritsi ziren lehenengo egunetik. Beste mendietako beheko kanpalekuekin alde handia sumatu du Pasabanek, eta espedizio guztien buruek egin zuten bileran nahiko urduri atera zen. «Sokez, sherpez, ibilbidea nola prestatu… jardun dira, eurek lan hori egingo balute bezala. Lan hori sherpek egingo dute, eta ez dute bileran parte hartu», idatzi du Pasabanek blogean.

Gorako bidea hartuko du espedizioak aurki, nahiz eta agian egun bat atzeratu behar izango duten espediziokide guztiak sasoi onean egon daitezen. Izan ere, prestakuntza egun horietan Asier Izagirre sukarrak jota zakuan geratu da.

Beheko kanpaleku berean da Juanito Oiarzabal; beste helburu batekin, ordea. Lhotse mendiari so dago gasteiztarra. Igoerako prestakuntzak amaitzekotan dago Oiarzabal, eta egun gutxi barru abiatuko da mendian gora zortzimilakoak birritan igotzeko proiektua buruan.

Unai Llantada bizkaitarra dago Juanito Oiarzabalekin batera beheko kanpalekuan. Zallako 39 urteko mendizalea Everest igotzen saiatuko da. Oiarzabal eta haren taldearekin igoko da hirugarren kanpalekuraino, bi mendietako bidea berdina baita toki horretaraino. Girotze fasea elkarrekin egingo dute, beraz. Iaz saiatu zen Llantada lehen zortzimilakoa igotzen, Manaslu. Azken unean amore eman behar izan zuen, eguraldi txarra zela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.