Mendia. Alex Txikon. Mendizalea

«Indartsu gaude, eta igotzeko aukerak baditugula uste dut»

Karakorumeko hotzaren arrastoa Alex Txikonen aurpegian. ALEX TXIKON.
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Karakorumeko neguaren gogorra bertatik bertara ari da ezagutzen Alex Txikon (Lemoa, 1981). Gerfried Goschl eta Louis Rousseaurekin batera Gasherbrum I mendia (8.068) neguan igotzeko asmoz joan zen hara, eta udaberria martxoa bukatu aurretik iritsiko dela aintzat hartuta, G-I bat igotzeko asmoan egun erabakigarriak dituzte. Hurrengo asterako eguraldi ona iragarri die Karl Gabl metereologoak, eta astelehenean, asteartean beranduenera, hasi nahi dute tontorreko saioa. Afaltzen hasteko prestaketetan zela eman zizkion atzo azalpenak Txikonek BERRIAri.

Zer moduz zaudete?

Oraintxe bertan beheko kanpalekuaren epelean eta afaltzen hasteko prest gaudela aintzat hartuta, primeran (kar-kar). Oilasko eder bat prestatu du Wakar sukaldariak, eta horixe afalduko dugu.

Hilabete pasatxo daramazue Karakorumeko neguaren erdian. Zer moduz moldatzen ari zarete?

Hotzak izugarri ahultzen du bat, jan egiten zaitu, baina Gerfried, Louis eta hirurok indartsu gaude; indartsu eta itxaropentsu. Mendian gora soka finkatzen nola lan egin dugun ikusita, tontorrera iristeko aukera asko ditugula uste dut. Zaila izango da, eta lan handia egin beharko dugu, baina aukerak baditugu.

Kostata, baina azkenerako lehenengo kanpalekua jarri zenuten, 6.350 metrotan.

Horma bertikala da oso, eta denda jartzeko eremua prestatzea asko kostatu zitzaigun. Izotza pioletarekin zulatzen aritu ginen, dendari lekua egin ahal izateko. Altuera horretan hiru bat orduz geldi egotea oso esperientzia gogorra izan zen; muturreko hotzakprestatzen aritu ginenean oso une gogorrak egin zitzaizkidan. Hotz handia egiten zuen, baina gaua han pasatzeak altuerara egokitzeko balio izan zigun.

Zeintzuk dira orain zuen asmoak?

Atzo eta gaur eguraldi txarra egin du, baina hurrengo asterako eguraldi ona iragarri digu Karl Gabl metereologoak, Innsbrucketik (Austria). Simone Mororekin hiru urte daramatza lanean, eta esperientzia handia du; ia beti asmatzen du. Astelehenean, asteartean beranduenez, abiatu nahi dugu tontorreko saioa. Hotza egingo du, baina haize handirik ez, eta hori ezohikoa da hemengo neguan; baliatzen saiatu beharko dugu. Asteartean hegoaldeko horman soka finkatzen bukatu nahi dugu, 700 bat metro falta zaizkigu; lehen kanpalekura jaitsiko ginateke lotara, eta handik gora jarraitu eta asteazkenetik ostegunerako gaua bigarren kanpalekuan pasatzea da asmoa. Eta handik tontorrera. Ongi bidean osteguna edo ostirala behar luke egunak.

Aurreikusi zenuena bezain gogorra izaten ari al da espedizioa?

Baietz esango nuke, baina buru aldetik prest gentozen, bagenekin zer aurkituko genuen, eta lagungarria izan dugu hori. Tenperatura oso hotza da, zeropetik 30 edo 40 gradu izaten ditugu askotan, eta despiste txikienik ezin da eduki. Eskularruz nahastu eta lodiena beharrean finago bat jartzea, adibidez, garesti ordaindu dezakezu. Mugimendu guztiak tentuz eta ongi pentsatuta egin behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.