Ia hilabete da Gasherbrum I mendiaren altzora iritsi zirela, eta Karakorumeko neguaren gogortasuna bertatik bertara ikusi eta ezagutu dute Alex Txikon, Louis Rousseau eta Gerfried Goschlek. Hiru eguneko atseden tartea hartu dute beheko kanpalekuan, eta gaur berrekingo diote lanari. Mendizaleen asmoa goizaldeko hiruretan martxan jarri —lerrook irakurtzerakoan abiatuta egongo dira—, eta mendiaren hegoaldeko horman, 6.300 eta 6.450 metro bitartean, lehenengo kanpalekua izango litzatekeena jartzea da. Iragan asteburuan saiatu ziren horretan, baina ez zuten denda jartzeko leku aproposik topatu. «Izotza oso gogorra zegoen, eta denda jarri ahal izateko eremu laurik ere ez genuen ikusi», argitu zuen Txikonek. Gaur mendiaren beste eremu bat arakatu eta bertan kanpalekua jartzeko modua izango dutela uste du mendizaleak.
Hilabeteko tartean, Alex Txikonek estreinakoz idatzi zituen atzo lerro batzuk, espedizioaren harira ireki zuen atarian —http://alextxikon.blogspot.com—, eta eguraldiaren baldintzak gogorrak izanagatik lanerako oso motibatuta daudela idatzi zuen lemoarrak. «Esperientzia benetan ikaragarria izaten ari da. Hemen egotea,Karakorumen, neguan eta bide berri bat saiatzen: bakardadea, gogortasuna, konpromisoa... Baina gure motibazioa zeruetatikdago», dio Txikonek blogean.
Gailurrerako bidean saiakeraren bat egitekotan, beste hainbat egun pasa beharko direla iragarri dute mendizaleek.
Mendia
Lehen kanpalekura arteko sokak gaur jarri nahi dituzte
Eguraldia makurra izanagatik, Gasherbrum I mendian lanean jarraitzeko motibatuta daudela dio Txikonek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu