Zegama-Aizkorri lasterketak egin du lehenengo urratsa

Maiatzaren 29an jokatuko dute proba hamargarrengoz; izena emateko azken eguna urtarrilaren 28a da

Lasterkari bat, Aizkorrira bidean, Santi Spiritutik gora abiatzen den malda tentean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Urrun dagoela dirudi maiatzaren 29a. Egun horretan jokatuko da Zegama-Aizkorri mendi maratoia hamargarrengoz. Parte hartzeko asmoa dutenek, ordea, egunotan egin behar dute lasterketan irten ahal izateko lehenengo urratsa: izena ematea. Asteazkenean ireki zuten mendi maratoian izena emateko epea, eta hilaren 28a bitartean izango da horretarako aukera, lasterketaren webgunean: www.zegama-aizkorri.com.

Aurreko urteetan loterian jokatzearen parekoa izan da dortsaletako bat eskuratzea. Aurten ere 450 lasterkariren muga jarri dute antolatzaileek, eta 225 dortsal zozkatuko dituzte izena ematen dutenen artean —mila eta bostehundik gora izan ziren iaz—. Zozketa otsailaren 25ean egingo dute, Zegamako udaletxean, eta hilaren 26an argitaratuko dute behin-behineko zerrenda webgunean. 450eko kopurura iristeko gainerako dortsalak urtero Zegama-Aizkorrin parte hartu edo azken bi urteetan denbora tarte baten barruan aritu diren lasterkarien artean banatuko dituzte, 125 guztira. Gainerako ehun zenbakiak haien konpromisoetarako gordeko ditu antolakuntzak. Urtero legez, ehunka mendizale eta korrikalari geratuko dira parte hartu ezinda, ezinbestean.

ISF Skyrunner Munduko Koparako lasterketa baliogarria izango da, berriz ere, Zegama-Aizkorri. Kopa Elbrus mendiko igoerarekin hasiko da, maiatzaren 7an, eta irailaren 18an bukatuko da, Sentiero delle Grigne lasterketarekin, Italiako Alpeetan. Egutegiko bigarrena izango da Zegamakoa, eta espezialista onenak bertan izango dira. «Salomonek espresuki babestu du lasterketa, eta haien eskutik etorriko dira, azken orduko lesiorik ezean, Laetitia Roux, Mireia Miro, Kilian Jornet, Andy Simon eta Ricky Lightfood», jakinarazi du lasterketako zuzendari Alberto Aierbek.

Hamargarren urteurrena

Lasterketa berezia da Zegama-Aizkorri, eta aurtengoak badu are eta bereziagoa egiten duen osagaia: 10. urteurrena du. Antolatzaileen asmoa aurreko bederatzi ekitaldietan hutsik egin gabe parte hartu duten korrikalariei omenaldia egitea da —zortzi lasterkarik osatu dute aurreko bederatzi maratoiak—. Urteurrenaren harira, DVD bat prestatzeko asmoa dute, baita mendiari buruzko hitzaldi eta mahai-inguruak antolatzekoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.