Albistea entzun


Azkua, talaia paregabea

Azkuako tontorrak ikuspegi ederra eskaintzen du Bortziriak, Bidasoa, Bertiz, eta Malerrekako mendiak, basoak eta herriak behatzeko.

Mikel Arrizabalaga -

2023ko martxoak 14
Bortzirietako Etxalar herria, Nafarroan, oso ezaguna da arrazoi askorengatik, baina, batik bat, udazkeneko hilabeteetan egiten den sare bidezko ehiza tradizionalagatik. Azkuako tontorra, Aizkolegiko mendigunea osatzen duten mendietako bat, talaia paregabea da Bortziriak, Bidasoa, Bertiz eta Malerrekako lurretan goititzen diren mendiak eta horien magalak estaltzen dituzten baso eder eta trinkoak behatzeko. Ibilbide klasiko hau zirkularra da. Gure esku geratzen da igotzeko eta jaisteko aukera.

Tximista erreka zubitik igaro eta berehala, eskuinaldean dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua. Aparkalekutik abiatu eta herrian sartu bezain laster, eskuineko karrikatik hilerri aldera joango gara. Hori atzean utzita, lehen bidegurutzera helduko gara, eta, bertan, Azkuako seinalea ikusiko dugu. PR-NA12aren bide seinale zuri eta horiek ere lagunduko digute ia ibilbide osoan. Asfaltozko bidean zehar Larrapil-Sarriku auzoa zeharkatu eta Iturraldeko bordara iristean, iturri ederraren ondotik pasa, eta aurrerago karobi bat ikusiko dugu. Lurrezko pista zabaletik igotzen hasiko gara, eta harizti zahar batean kokatuta dagoen Marimigeleneko bizkarrera igoko gara. Izen bereko borda ezkerrean utzi, eta aurrera jarraituko dugu bidegurutze batekin topo egin arte. Etxalarrera doan bide zabala utzi, eta eskuinetik marrazten den xendan barrena abiatuko gara. Puntu honetan, bi norabideak ikusiko ditugu egurrezko hesola batean idatzita.

Bidezidorretik segi, eta Mendixorrotx muinoa edo tontor txikia inguratuko dugu, altuera erraz irabaziz. Mendiaren bizkarretik igotzen jarraituko dugu, bide seinale zuri eta horiek erakusten diguten norabidea gure ezkerrera utziz. Malda biziari aurre egin, eta berehala iritsiko gara Kokori mendiaren tontorrera, eta aurrez aurre ikusiko dugu Azkuako tontorra. Punturik gorenera heldu baino lehen, Soralarreko lepora jaitsiko gara, eta bat egingo dugu PR-NA12aren bide balizatuarekin. Segidan, azken malda pikoari aurre egin, eta ekialdeko magaletik Azkuako tontorrera igoko gara. Aurrez adierazi bezala, behatoki aparta da, eta merezi du bertan dagoen erpin geodesikoaren ondotik 360 graduko panoramikaz gozatzeko denbora apur bat hartzea.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, mendiaren iparraldeko bizkarretik egingo dugu, amildegia gure eskuinera utzita. Bidearen zati honetan, PR-NA 12aren markekin batera, GR-11 eta GR-12aren bide seinale zuri-gorriak izango ditugu bidelagun. Mendi larreetan marrazten den xendan barrena, azkar jaitsiko gara pista zabal batekin topo egin arte, eta, bertatik, Artzameneko bizkarrera helduko gara. Puntu honetan, bi aukera izango ditugu: lehena, mendiaren bizkarretik malda bizian jaisten jarraitu (GR-11 eta 12), eta bigarrena, eskuinetik pistan barrena jarraitu (PR-NA 12); bigarrena luzeagoa da.

Herrira heldu aurretik, bi bideak berriro elkartuko dira. Asfaltozko bideak herrigunera eramango gaitu, eta etxe ederren artean aurrera egingo dugu elizaren ondora iristeko. Mendi eta belazeen artean dagoen Bortzirietako herri honek oso arkitektura interesgarri eta zaindua du. Ondare aberatsa du, eta horren adibide dira herrigunean bertan altxatzen den Jasokundeko eliza eta disko formako hilarrien multzoa.

Eguraldi iragarpena
eguraldiIkonoa
°C
°C
eguraldiIkonoa
°C
°C
eguraldiIkonoa
°C
°C
eguraldiIkonoa
°C
°C
eguraldiIkonoa
°C
°C

Albiste gehiago

Eskalatzaile bat Bilboko Piugaz rokodromoko blokeetako batean. ©EMF

Irati Zabala eta Joannes Esparta Euskadiko blokeko txapeldun

Berria

Bilboko Piugaz rokodromoan jokatu zen boulderreko proba, larunbat eta igandean. Hiru urteko etenaldiaren ondoren, 233 eskalatzaile lehiatu ziren EMFren blokeko topaketa nagusian.

'Hire amak baleki' bidearen tximinian. ©Unai Cobos

Haize berriak Aizkorriko eskaladan

Xabier Mujika

Joseba Iztueta, Unai Cobos, Ioseba Eskudero eta Mikel Mongelos alpinista eta eskalatzaile goierritar gazteek beste maila batera eraman dute Aizkorriko ipar hormako neguko eskalada, eta bi bide berri zabaldu dituzte: Akertegi (160 metro, M5) eta Hire amak baleki (330 metro, M6).

Aitor Zunzunegi eta Oihana Azkorbebeitia, Kopako liderraren elastikoarekin. ©EMF

Azkorbebeitia eta Zunzunegi Euskal Herriko Kopako lehen liderrak

Berria

Larunbatean, Bediako (Bizkaia) VII. Kolazino Mendi Egunean garaile izan ziren biak. Ibilbide lehorrean eta tenperatura altuekin, probaren errekorra minutu batean hobetu zuen Zunzunegik. Mendaroko Kilimon Trail izango da Kopako hurrengo proba, apirilaren 1ean.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Hiru urre lortu nahi ditut Espainiako Txapelketetan»

Unai Ugartemendia

Euskal Herrian iraupen eskiatzaileen artean atera diren azken harribitxietako bat da Alaia Juaristi. Jakako Mayencos taldean hasi zuen ibilbidea. Azken urteetako gorakadaren ondoren, Espainiako selekzioko jarraipen taldean ari da.

Eguraldi iragarpena
eguraldiIkonoa
°C
°C
eguraldiIkonoa
°C
°C
eguraldiIkonoa
°C
°C
eguraldiIkonoa
°C
°C
eguraldiIkonoa
°C
°C