Artikutzako Enobieta urtegia | Menditxiki

Artikutza
Almandoz etxea inguratzen duen pistan zehar, laster San Agustin kaperaren ondotik pasako gara eta ibilbidean aurkituko dugun aldapa bakarrari aurre egingo diogu. Lehenengo txaleta eskuinera utzi eta aldapa amaitzean, ezkerrera doan pista jarraitu behar da, eskuinekoa aterpetxera baitoa. Ibilgailuen pasoa eragozten duen langa metalikoa pasa eta pista zabala bezain erosoa jarraituz urtegia inguratzen hasiko gara. Ibilbide osoa balizaturik dago eta bide seinale zuri-berdeak izango ditugu bidelagun (SLNA 121).
Pista
Ezker aldera beste bide bat ateratzen da eta hau jarraituz gero, Eskasera, atezaindegira igoko ginateke. Bidea urtegiaren ertzetik zertxobait urrun doa eta ibilbidearen zenbait lekutan ez da ikusi ere egiten, udaberrian eta udan batik bat zuhaitzen hostoek urtegiaren ikuspegia eragozten baitute. Berehala, gure ezkerrera sekuoia eder bat ikusiko dugu eta kilometro eta erdi bete ostean, Egazkiko baserriaren hondarrak ikus daitezke. Gertu belazeak.
Zubia
Enobieta errekaren gainetik pasatzen den lehen zubia igaro eta berehala, Urgurutzen, Pagolletara igotzeko bidea adierazten duen egurrezko hesola ikusiko dugu. Usanbelarreta errekaren gaineko bigarren zubitik pasako gara eta gertu, hamabost metrora iristen den hagin bikain bat ikusi daiteke. Bide erdia beterik, orain urtegiaren beste aldetik itzulia osatuko dugu. Gorritxo errekaren ondora heltzean, pista azpitik teila-labe baten hondakinak eta ikazkintzaren aztarna ugari aurki daitezke. Aurrera jarraituz, ezkerrera, Lizarrurdiñetara igotzen den bide zabala aurkituko dugu. Haritz amerikar eta alertzeen artetik aurrera jarraituko dugu.
Urtegia
Laster Auntzazulo errekara helduko gara eta aurrerago urtegia eraikitzeko erabilitako harrobiaren arrastoak. Eraikuntza batzuen aztarnen ondotik pasa eta beste langa batekin egingo dugu topo. Pistak beherantz egiten du eta Izu mendira igotzeko bidearen parean, pista utzi eta eskuinera jaisten den bidezidorrari helduko diogu, egurrezko hesolak herrira jaisteko bost minutu behar direla adierazten duen norabidean. Berehala izango gara urtegiaren hormatzarraren ondoan eta bertatik izango dugu ikuspegirik zabal eta ederrena. Xenda pinudian sartu eta sigi-sagan jaitsiz bost minutu beharko ditugu Artikutzako auzora jaisteko.