Oinez ibiltzen hasiko garen tokira heltzeko, Ezpeizeko (Zuberoa) herri erditik igaroko gara. Eliza politaren parean, Ainharberako biderat joko dugu, eta, bide seinaleetan arreta jarrita, Ezpeizeko azken bi etxeak eta horien ondotik dagoen laborantza eraikin aski itsusi bat doi-doia pasatu eta berehalaxe, ezkerraldean bide harriztatu bat ikusiko dugu. Hortxe gure ibilgailua utzita, ibiltzen hasiko gara bide harriztatu horretan, eta hasieratik bertatik aldapatxo bat topatuko dugu. Aldapa goialdean, ezkerralderat joko dugu, eta bide harriztatua lurbide bilakatuko da. Horretan, pentzeen artean, aurrera joango gara. Sarda batean (207 m), eskuin zein ezkerralderat jo dezakegu, baina hortik berehalaxe, ezkerralderat hartuko dugu; berrehun metroren buru, aldiz, eskuin alderat, jarraian bidexka batera heltzeko gisan, eta hortxe eskuin eta gorantz joko dugu. Bidexka hori, Onizepea herritik dator, eta bukatzen da haritz zaharrean. Tamalez, baina, ez bilatu haritz zaharra, edo hobeto erranda, haren enborra baino ez dugu topatuko, 2010eko otsaila amaieran gertatu zen Xynthia ekaitzak akabatu baitzion ehun urte askotako bizia.
Haritz zaharraren itzalean jendea bazkaltzen edo atsedena hartzen laket zelako seinale, hortxe daude beti zurezko mahai eta jarlekuak. Haritz zahar galduari agur eta ohore eginik, zuzen joko dugu, eta bidexka lurbide bihurtuko da. Aski laster, borda batera iritsiko gara, eta han topatuko dugu, akaso, Ilharramuno jauna, Onizepeko laboraria. Horrekin bi hitz trukatzeak balio du, munduan zehar ibilitako euskaldun horietarik baita. Behi esnedun hazle hori ikusirik ala ez, aurrera jarraituko dugu, une batean lurbidea bitan zatituko zaigun arte (283 m). Lapitzaga gainetik pasatu nahi izanez gero, ezkerraldera joko dugu, eta malda aski aldapatsu batek eramango gaitu 406 metrotontorrera. Horrek eskainiko digun bista zabal paregabea izango da gure izerditzearen opari. Gailurretik jaitsi beharrean, ipar mendebaldera egingo dugu behera; pare-parean daukagun Agerriako muino bikira igo baino lehen, lepo txiki batetik igaro beharko dugula (384 m).
Ezker hartzeari huts egin badiogu —ez da abiagunea oso ondo ageri— , eskuinaldetik ere aurrera joateak balio du. Borda baten albotik pasatu ondoren, Ainharbeko Estekaxuria etxaldea bistaratuko zaigu. Hara joan baino lehen, haatik, burdin harizko hesi bat topatuko dugu, eta horri jarraituz gorantz joango gara, borda zahar bati buruz. Hori pasa eta gero lurbide bat topatuko badugu ere, maldaren gora zuzen igoko gara Agerria tontorreraino (421 m), eta hortxe aurkituko dugu ur biltegi bat. Lapitzagaren bikia erraten dioten gailurrak ikusmira paregabe berdina eskainiko digu. Ur biltegira daraman bide harriztatuaren behera jaitsita, Ainharbeko herri politera iritsiko gara, bide handiagoan eskuin alderat hartuz gero.
Errota galduaren Eiherabidea
Ainharbeko eliza eta udaletxea eraikin berean aurkitzen direla ikusi eta gero, Ezpeize alderako bidea hartuz irtengo gara herritik. Bospasei ehun metro egin ondoren, bide gurutze batera iritsiko gara, eta hortxe eskuinalderat joko dugu, pankarta batek Eiherabidea seinalatzen digula. Egia erranda, eiherarik non izango zen hor ez da oso argi, bide horrek etxe baztertu batera soilik baitarama. Etxe horren saihesteko gisan, bidegurutzetik 300 metrora, bihurgune batean bertan, zuzen joko dugu, oihanean ezkutatuta dagoen bide zahar bat topatzeko gisan.
Etxerat daraman bidea ezkerreko goialdean dugularik, gaztainondo eta pinuen artean behera joango gara, nahikoa seko. Une batean, oihanaren ertza eskuinean izango dugularik eta alor bat ezker partean, zuzen joko dugu belarrez beztitutako lurbide batean. Erreka oso txiki bat pasatu eta gero, eta, basoan gaudelarik berriro, bide sardan ezker ala eskuin jo dezakegu. Ezkerraldetik politagoa da, baina gogorragoa baita ere. Dena den, alde bat zein bestea hautatuz gero, oihanetik nahitaez irten behar da, burdi hariz edo alanbrez egina den hesi eta Zuberoan txakosteak deitzen ditugun pasaleku bakar-bakarretik. Horrek, pentze batera pasaraziko gaitu eta horren behealdean ikusiko dugun langara joko dugu. Hori pasa eta gero, lurbide bati jarraituko diogu, Arankoa etxaldearen behealdetik ibilita. Une batean, lurbidea bide harriztatu bilakatuko den tokian, ezkerralderat hartuko dugu, eta laster batean Ezpeize eta Ainharbe arteko bidea topatuko. Bertaratu ondoren, eskuinalderat joko dugu, hamar minutu ordu laurden baten buru gure abiapuntura helduko garen arte.
Mendi ibilaldia
Ainharbeko zelataguneak
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Zuberoa
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Ezpeize, Lapitzaga, Agerria, Ainharbe
- Distantzia: 9 km.
- Iraupena: 3 ordu eta erdi.
- Ingurunea: Ainharbe herritik ikusmen ederra dago Pirinioetako gailur gorenetara zein Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoako bazterretara.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu