Mendi ibilaldia

Haize erroten mehatxupean

Haize erroten mehatxupean.
Haize erroten mehatxupean.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Orozko, Zubiaur, Kolometa, Ubieta, Ubidea
  • Distantzia: 21,5 km.
  • Iraupena: 5 ordu eta 5 mn.
  • Ingurunea: Orozkoko Zubiaur auzoa abiapuntu dugula, Arno mendigunera bideratuko ditugu urratsak, Kolometa mendira igotzeko. Inguru lasai eta dotorea haize erroten mehatxupean dago.
  • Estekak: Ibilbidea
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Orozko Harana Iraupen Luzeko Ibilaldia urtero-urtero egiten da Orozkon (Bizkaia), urriaren hasieran. Deialdi horretara gero eta lagun gehiago azaltzen da, eta urteko gainerako edozein egunetan oso lagun gutxi topatuko dugu inguruko bideetan. Egun horretako jendetzari muzin egin eta patxadatsuago ibiliko gara gaur, lekuak merezi baitu. Orozkoko Zubiaur auzoa abiagune, haize erroten mehatxupean dagoen Arno mendikatean zehar garraiatuko dugu oraingoan bizkar zorroa, tontor bakarra zapalduko badugu ere.

Busez nahiz trenez hurreratuta, plazatik irtengo gara, Gorbeia kaletik barrena (E). Errotonda iragan bezain laster, eskumara jo (H), Ubieta eta Oderiagarantz. Hurrengo biribilgunean, ezkerrera egingo dugu, eta, 200 metro aurrerago, Garai auzorantz jarraituko dugu.

Etxe ederrez liluraturik, bost minutuan ezkerrari emango diogu (H). Minutu bian ezkerrean segitu, Goiri auzorantz, errepidetxo aldapatsuan gora. Hiru minutuan porlana lur bihurturik, eskumako bide zabalari ekin. Hogei minutu geroago, abereentzako hesia ikusiz batera ezkerrera egingo dugu (E). Hogei bat minuturen buruan eskuinera joko dugu (HM), pista nagusia baztertuz, hortixe itzuliko garelako. Goiko aparkalekura iristearekin batera, ezkerrera egingo dugu, belardian gora (E); 45 minutu beharko ditugu gailurreratzeko. Behe lainoak jota, errazago daukagu pistan ibiltzea (HE), ordu erdi bat betetzeke gailurrerantz eramango gaituen bide seinaleari kasu egiteaz ahaztu barik.

Ubidetik barrena

Kolometa tontorreko ikusmira aparta izanik, Itxina harrigarriari erreparatuko diogu batez ere. Noranzkoari eutsi jaisteko, eta hamar bat minutuan, pista alboratzeaz bat, beherantz jarraituko dugu (HE), Ubieta mendia eskuman utziz. Bidezidorra desagertzean, noranzkoari eutsi zuhaiztia hainbat erosoen zeharkatzeko (HE), eremua nahasgarria baita. Belartzara iritsi eta zuzen (IE), harik eta harri-txirri pista topatu arte. 700 bat metro beherago, ezkerreko pistari emango diogu (M). Aurrerakoan bertigodunek txarto pasatuko dute tarteka, hasieran bereziki, lasai eta kontu apur batez ondo igarotzen bada ere.

Ubidea bukatu, eta bideak harresiraino eramango gaitu. Gainetik iragandakoan, eskuinetik segituko dugu, pistari men. Basaren kontra hamar minutuz borrokatu ostean, aldai erosoa zapaldu eta ezkerrera egingo dugu. Ordu erdian lehen aipaturiko elkargunean izango gara, eta, 100 metro aurrerago, eskumara joko dugu, pista baztertuz eta harripiloekin bat. Hemendik bost bat minutura, eskuineko bideari ez diogu jaramonik egingo, eta, segituan, ezkerrekoarekin gauza bera egingo dugu, tentagarria iritzita ere. Errepidera heltzean, zuzen jarraituko dugu. Hamar bat minuturen buruan, San Migel baselizara ailegatuko gara; hor iturria eta jesarlekuak dauzkagu. Errepideak herriraino eramango gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.