Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEAK. Galdames, eremu ahantzia baino gehiago

MENDIA. IBILBIDEAK. Galdames, eremu ahantzia baino gehiago.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Galdamesko San Pedro, Tellitu LAnda lepoa, Cruz, Gasteran, Ganeran, Brena lepoa, Uraiaga, Atxuriaga, La Aceña
  • Distantzia: 17,3 km.
  • Iraupena: 5 ordu.
  • Ingurunea: Burdina ustiatzen zuten garaian nabarmendu zen Galdames; haren inguruko mendiak ditugu jomuga.
  • Estekak: Ibilbidea
2008ko apirilaren 18a
00:00
Entzun


Burdina ustiatzen zuten garaian nabarmendu zen Galdames; haren inguruko mendiak ditugu jomuga


Kepa Escudero Herran

XIX. eta XX. mendeetan, burdina ustiatzen zen garaian, Galdames nabarmendu zen. Egun gutxi dira eremu ahaztu honekin gogoratzen direnak, zer bisitatu dezente izan arren. Bilbotik 30 kilometro eskasera egonda, autoa ezinbestekoa izan daiteke, autobus zerbitzua urria baita -Bilbotik ez dago linea zuzenik-. Balmasedarako errepide berria hartu, Gueñesen irten, eta bidegurutzera helduta, Galdameserantz abiatuko gara. San Pedroko -bide seinalean Zubiaga- autobus geltokiaren ondoko aparkalekuan utziko dugu ibilgailua.

Kalean gora ehun bat metro egin, eta berehala agertuko gara plazan; udaletxea, eliza eta Martinez de Las Rivasi eskainitako brontzezko estatua ikusgarria daude bertan. Zeharkatu eta GR marra zuri-gorriak Tellitu Landa leporaino izango ditugu lagun. 100 metro aurrerago errepidea alde batera utziko dugu, Saratxo auzorantz bideratzen gaituen bidezidorrarekin bat. Gora egingo dugu kontu handiz, batez ere harria hezea baldin badago. Tarte honetan haritzak ditugu bidaide. Ate bi iragan beharko ditugu Akendibar auzora heltzeko, eta San Rokeren omenezko baseliza bisita daiteke bertan. Errepidera heldu barik, aurreko etxearen ezkerreko bide belartsutik jarraituko dugu (IE). Ubieta mendia itsusten duten antenei bizkarra eman, eta eremu nahasgarrian sartuko gara -adi GR markekin; tarteka harripiloak-. Basotik irtetean, paisaiaz gozatzeko abagune paregabea izango dugu (HE): Pico de la Cruz mendiaren magala ezkerraldean eta Eretzara eramango gintuzkeen sakana eskuinaldean. Errekastoa zeharkatu, eta 15 minutura elkargunean gara (630 m).



TELLITU LANDA LEPOA. Behin hara helduta, ezkerrera (IM) joko dugu magaleko bidezidorra hartzeko. Atzean Aldape (buzoia, 10 min) lagako dugu. Bidexka desagertzearekin batera, belardi batera heldu eta apur bat jaitsi ostean, 20 metroko aldats gogorrari ekingo diogu. Ezkerreko Granzal haitz xumea bazterturik, eskumara eta belarra zapalduz, Pico de la Cruz mendiko gailurrera iritsiko gara (802 m, buzoiak, plakak eta gurutzea). Ertz zapaldutik arretaz jaitsi, gorantz jo, zuhaiztia inguratu eta 500 metro egindakoan, Eretzatik datozen marka zuri-gorriekin bat egingo dugu. Brena leporaino lagunduko digute markek. Gasterango tontorra zapaldu gura badugu (798 m), 200 metro aurrerago, pista baztertu eta eskumara (E) hartuko dugu. Lehengo bidera itzuli, zuhaiztian sartu (IIM) eta Aranaga-Mustariaga lepoa atzean utzita, Ganeran (822 m, buzoia, plakak, erpin geodesikoa) luzeak eskaintzen duen panoramak alaituko digu eguna, haizerik eza lagun, jakina. Genekarren noranzkoari eutsi, eta Grumeran lepoan, Pico Menor aurrean dugula (5 min, buzoia), ezkerrean uzten duen pistatik 10 minutuan Brena lepoan izango gara (643 m).

Igarobide bitxia ikusteko 15 minutu emango dugu lepotik. Ezkerrera (M), beherantz, betiere bide nagusiari kasu eginez. Zeharkatutakoan, ezkerrera (M) egingo dugu 250 metro, beste bide batekin topo egin arte. Eskumara joango gara orain, bide argirik gabe, baina apur bat aurrerago agertuko zaigu. Behe lainorik izan ezean, Saucoko eraikin hondatua lagungarri gerta dakiguke, aurrez aurre izango dugu eta. 500 metro bete eta Uraiaga-Magdalena kobarako norabidea adierazten duen zutoinera heltzeaz batera, ezkerrera (HM) jo eta 100 bat metro aurrerago txunditurik utziko gaituen arrakala ikusiko dugu. Bidean behera segi eta 5 minutuan haitzuloraino eramango gaituen ezkerreko bidexkari ekingo diogu (E, harripiloa). Konturatu orduko, barruan izango gara, ikuskizunarekin aho zabalik (esku-argia behar da sakondu nahi bada).

Kobazulotik 5 minutura, Uraiaga auzoan, ezkerrera hartuko dugu, etxearen ondotik igaroz (Zunbalazeta kalea karteltxoa horman). Beherantz, bide nagusian barna zuzen joango gara, eta hemendik 25 minutura eskumara (IMM), segituan beheko porlanezko errepidetxoarekin bat. 15 minuturen buruan, ezkerreko behitegia iraganda, lur bidea utzi eta ezkerrera abiarazten gaituen harrizko pistan ibiliko gara, berehala belarrezko oinpeko bihurtuko delarik. Jesarlekuak amaitu eta eskumako eskailerei esker atsedenlekura iritsiko gara. Zingira inguratu, Atxuriaga auzora hurbildu, eta errepidez abiapuntura itzuliko gara, Galdames II harrobiak mendiari eragindako kaltea egiaztatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.