Jerea ibaiaren ur emari xumea Peña mendilerroko barrunbeek azaleratzen dute. Gorobel mendilerroari segida ematen dion morfologia bertsuko mendi luze eta zabala da Peña mendilerroa, eta haren hegoaldeko isurialde basatian, hain justu, aurrerago ezusteko politak ematen dituzten ur garbiak argitara irteten dira. Burgosko Merindadeetako txoko horretako pagadi trinkoetan azken otsoen uluak aditu ohi dira eta urrun bezain gertu azaltzen zaigun erliebea bikaina da. Ez dugu paraje horretan ur emari handirik ikusiko, paisaia karstikoak erabat baldintzatzen baititu Jerea ibaiaren lehen pausoak. Sigi-saga jarraitzen dio gero, trankil asko, eta Losako hainbat bazter korrituta, Ebro ibai zabalarekin bat egiten du, Tobalina ibarra buruz buru duela. Tobalina ibarrean sartu aurretik, ordea, Quintanilla la Ojada eta Quintanilla Entrepeñas herrien artean arroila polita sortu du Jereak.
Bazter horretatik gertu, gainera, ustekabe galanta dago: Pedrosa de Tobalina eta La Orden herrixken artean sortzen den ur-jauzi dotorea bezain ikusgarria. 100 metro luze da eta 20 metroko desnibela du. Zarramarra handia atereaz amiltzen dira urak, batik bat euri jasen ostean.
Alto el Pino gaina eta Tres Leguas haitza talaia paregabea dira Jerearen bihurrikeriez ja-betzeko. Gailurrerantz abiatu- ko gara, deskantsu handirik emango ez digun basa-pista batean gora.
LOSAKO ETA TOBALINAKO TALAIA. Sobron urtegitik edota Tobalina ibarretik etorriz gero, Quintanilla Entrepeñas eskuinean utzi eta 400en bat metrora utziko dugu autoa. Porlan zatiak dituen basa-pista bat ikusiko dugu; horixe da gailurrerako abiapuntua. Iparraldera egingo ditugu lehen urratsak, ler gorrien eta erkametzen artean. Bideak ez du zailtasunik eta, pista nagusiari men eginez, goraka joango gara. Hamabost bat minutura, iturri moduko bat ikusiko dugu bide bazterrean. Eskuarki siku egoten da; negu partean ura izan dezake, baina ez da komeni handik zurrut egitea. Bizkar zorroan nork berea eramatea ezinbestekoa, beraz.
Gorantz eramango gaitu pistak; abiapuntutik tontorrerainoko 400 metroko desnibela bereziki nabarituko dugu. Pista nagusitik irten gabe, sasi-lepo batera igoko gara. Arabako Valderejo Natur Parkea aurrez aurre izango dugu, eta gertuago Vienda, Quintanilla Entrepeñas herri gainean silueta ederra duen mendi harroa. Alto el Pino mendia iritsi garen lepotik hurbil-hurbil dago, ezker aldean, baina tontor xumea ezin izango dugu ikusi, haren aldameneko tontorreko pinudiak direla eta. Alto el Pino eta Tres Leguas mendien arteko lepora iritsita, aldiz, ikuspegia bestelakoa da.
Gailur horiek helburutzat hartuta, ezker aldera egingo dugu lepoan, eta, pista nagusitik irten gabe, bi tontorren arteko lepora iritsiko gara. Alto el Pino mendia itzulerarako utziko dugu eta, aurrenik, Tres Leguas tontor apartara igoko gara. Zeharkaldi laburra da eta oztopo batzuk izango ditugu bidean: konglomeratuzko bloke batean pauso atletiko bat eman beharko dugu Tres Leguas aldera jotzeko; gero, ezpelen artean ibiliko gara, Losa ibarreko azken talaiaren gainera iristeko. Saien Haitza deritzo, eta ez zaigu zaila egingo hegazti ugari dabiltzala konturatzea. Losa ibarra, Valderejo parkearen atzealdea, Arcena mendilerroa, San Panta-leon de Losa herria eta hango baseliza erromanikoa nabarmendu egingo ditugu, besteak beste, ipar-ekialdera begiratuz gero. Eta Obarenes, Tobalina ibarra eta Medina de Pomarreko ordokia ekialdetik ixten duten muino xumeak hego-mendebaldera begiratuz gero.
Tres Leguas menditik aurreneko lepora iritsiko gara ondoren eta, aldapari aurre eginez, Altoel Pino gainera igoko gara. Quintanillara bide beretik itzuliko gara.
MENDIA. IBILBIDEAK. MENDIA
IBILBIDEAK. Jerea asaldatzen denean. Losa eta Tobalina ibarren artean ibiliko gara, Jerea ibaiaren 'bihurrikeriekin' gozatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu