MENDIA. IBILBIDEAK. MENDIA

IBILBIDEAK. Isurialdeen banalerroan, Soratxipi. Malerreka eta Ultzama artean, Kantauri eta Mediterraneo isurialdeen banalerroa hedatzen da

ASIER AGIRRESAROBE MUSKILDA TELLABIDE
2006ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Udako bero sapak atzean utzi eta egunak nabarmen laburtu direnean, udazkenean sartu berri gara. Dituen jantzi dotoreenak janztekotan dira mendiak, pagadiek okre anitzetako kolore biziak erakutsiko dituzte, iratze sailek gorrixka aukeratuko dute eta orbelak bide bazterrak estaliko ditu. Hego haize egunak tartekatuz, sasoi ederrenean gaude gure mendiaren lilura ezagutzen jarraitzeko. Hondartza eta beroaz ahaztu, beraz, eta goialdera abiatuko gara naturak eskainiko digun ikuskizunaz gozatzera. Dena ez da ederra, ordea, udazkenarekin bat, belar txarren modura ehiztarien tiro, zabor eta bestelako eragozpenak nonahi ugaritzen baitira...

Goizaldeko freskura lagun Beintzako elizaren ondotik (455 m) herri sarrerarantz abiatu gara. Berehala hartu dugu eskuinera, hasieran porlanezko bidea dena. Gaztainondo ugariren artean, lehen bidegurutzera iritsi eta aurrera jarraitu dugu, bigarren batean eskuinera jotzeko. Malda igotzeari ekin, ezkerrera hartu eta Ezkurriko erreka gurutzatu dugu. Harresiak ixten duen soroa inguratzen ari garela, goialdean ikusi dugu, lehenengoz, Munazorrotz eta Munaxketa luzatuaren artean zabaltzen den Orrabita lepoa. Hara goaz, eta haraino eraman gaitu mazelan gora doan bide zaharrak. Iratze eta txilar artean une batzuetan lauso samar egon arren, maisuki gainditu du zidor jatorrak igo beharreko gainbehera: malda handirik gabe eta behar beste bihurgune emanaz. Pagadira hurbildu garen bakoitzean gainera, borda eta sarobe bana ikusi ahal izan dugu, hondakin batzuk, ganadua biltzeko beste batzuk (865 m).

Ataka estuan bideak aurrera jo arren, eskuinean goratzen den eta izenak berak dioen moduan zorrotza den muinora igotzeari ekin diogu. Bide garbirik ezean, zuzen-zuzen, belazean gora lehenik, mendi ertzean gora ondoren. Dena dela, sasoitsu bazaude eta mendi buelta zertxobait luzatzeko eragozpenik ez baduzu, lepoaren ezkerrean luzatzen den Monaxketa gandorrera igo zaitezke; joan-etorria egiteko ordu erdia behar izan arren, ikuspegiak merezi du.

Munazorrotz (1018 m). Buzoiaren alboan hartu dugu atseden, arnasestua lasaitu eta azken zatia burutzeari ekin diogu. Zertxobait behera hasieran, bizkar zabal belartsuan gora aurrera jarraitu dugu ondoren. Beintza eta Labaiengo herriguneak, garbi asko eskuinaldean agerian eta Leurtzako urtegiak ezkerrean ditugula, berehala hartu dugu Soratxipiko gunerik garaiena adierazten duen erpina (1069 m). Izenak dioenaz beste, pagadi basoak baino gorago larre edo soroak dira hemen nagusi, zabalak gainera. Behor saldoari begiratzea besterik ez dago horretaz ohartzeko.

Ederra da tontorrak eskaintzen duen ikuspegia. Belate eta Aralar artean luzatzen den banalerroan gaude, bata bestearen ondoren goratzen diren tontor segidaren erdian, Soilgune batzuk eduki arren, oro har, pagadi sarriek jositako mendiak dira, non zail egiten den horien artean bat nabarmentzea. Iparraldean, berriz, Malerreka harana itxiz, Mendaurreko tontor lerdena eta haratago Iruñarri eta Erakurri.

Indarrak berritu eta paisaiaz asetu ostean, gailurretik mendebaldera jo dugu. Bizkar luzean behera doan bideari segiz, Ello edo Ellue lepora heldu gara (944 m), eta iturri askaduna topatu dugu belar finez jantzitako lurzoruan. Ipar-mendebaldera jaisten den pistari eutsi diogu, orduan, pagadian barneratu, beste baso-pista bat zeharkatu eta beherantz jarraitzeko. Gutxira, ezker-eskuin borda batzuen hondakinak utziko ditugu atzean. Betiere pagadiaren gerizpean, ezkerrera bihurgune zabala eman duen unean (745 m), pista nagusia utzi eta eskuinera jo dugu, bide zaharretik jarraitzeko. Egun galdua egon arren, artean antzeman daiteke, begi zorrotza izan beharrik gabe.

Pista nagusian behera jarraituz gero ere, errekara hurbildu eta erraz iritsiko ginateke Labaiengo kaleetara. Bide zaharrean behera, borda baten hondakinetara iritsi eta eskuin mazelan behera egin du bideak. Lubanarro sakoneko bihurguneak marraztuz Labaien goialdeko larre eta txaboletara ailegatu gara. Handik, porlanezko bide maldatsutik behera, beste bidearekin bat egin eta Labaiengo etxe ederren arteko kalean sartu gara. Beintza eta Labaien bi herrixka izan arren, udal bakarra osatzen dute; izan ere, elkarrengandik oso gertu daude, errepide nagusitik hamar bat minutu nahikoak dira, Beintzara, abiapuntura, iristeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.