Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEAK. Sarimendi eta Otsogorri

MENDIA. IBILBIDEAK. Sarimendi eta Otsogorri.
  • Herrialdea: Zuberoa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Larraine, Ürrüsterria, Ardakotxeko lepoa, Satseko artzainola, Saimendi, Otsogorri, Negümendi, Zeinhagia
  • Distantzia: 12 km.
  • Iraupena: 4 ordu.
  • Ingurunea: Larraine eta Santa Graziko lurren artean muga egiten duten mendietara eramango gaitu txangoak.
  • Estekak: Ibilbidea
2008ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Oinez ibiltzen hasiko garen lekura iristea ez da txantxetakoa izango eta mapa bat irakurtzen jakitea lagungarri izan daiteke. Santa Graziko eta Larraineko uhaitzak -erreka nagusiak- elkartzen diren Hur Jüntako argindar ekoiztegitik bizpahiru kilometro egin ondoren Larrainerako bidean, errekaren gaineko bigarren zubian abiatzen den bidexka hartu behar dugu. Hori mundrunez estalia da bi kilometrotan -Ürrüsterria etxaldearen ingururaino- eta harriztatua gero. Dena den, lauzpabost kilometro egin ondoren bide horretan, ibilgailuak utziko ditugu Ardakotxeko artzain txabolarako bidexkaren abiagunean (900 m). Artzainola horretan ardi gasna egiten eta saltzen dela jakinarazten duen seinalea badago.

Autoak baztertu eta gero -nahikoa leku bada horretarako-, ibiltzen hasiko gara Ardakotxeko artzain txabolarako bidexka gainean. Kilometro bat inguru egin ondoren, GR10 ibilbideko seinale zuri eta gorriekin topo egingo dugu. Horiek izango ditugu bidelagun zati batean, baina arretaz ibili behar da, ez baitira beti ondo ikusten. Abiatu eta berehalaxe Latsagako bordaren eta bere bordalde zabalaren gainetik igaroko gara (950 m), hasiera horretatik bertatik ikusmen zoragarria gozatuz mendebaldean ageri den Larraineko herrira eta bere inguru zabaletara. Ori mendia ere tente-potente daukagu hego-mendebaldean.

Aitzinera joanda bidexka lauan, Ardakotxeko lepoaren zabalgunera iritsiko gara (1.000 m). Hementxe, baina, gorantz seko hartu beharko dugu -beti ere GR10 seinaleei jarraikita-, artzain txabolarako bidea utziz eta bazkalekuaren goiti. Gora egiten ari garelarik, eskuineko -mendebaldeko- maldaren behealdean, Oladübiko arroila miresteko aukerarik izango dugu. Lautadatxo baten muturrean, oihanbide bat topatuko dugu, eta eskuin alderat hartuta aurrera jarraituko dugu. Une batean, haatik, arretaz ibili beharko dugu, zeren eta, lurbide hori utzita, GR10ak pagadi baten gora eramango gaituen xendari jarraitzen baitio. Horrek, azken batean, Saatseko artzain txabolara eramango gaitu (1.250 m), eta hementxe diogu GR10 ibilbide seinalatuari agur egingo.

Zehazki, Saatseko artzainola gainean igarotzen den bide harriztatura iristean, horretan jarraitzen duten seinale zuri eta gorriak hortxetan utzita, Sarimendiren mendebaldeko mazela belartsuaren gora igoko gara. Zati hori nahikoa aldapatsu da, baina izerdi egitearen saritzat izango dugu Sarimendiko gailurrak (1.484 m) oparituko digun ikusmen zabal eta miresgarria. Luzeegia joko luke gailur horretatik begi-bazka ditugun mendi eta mendixka guztiak izendatzea. Nahikoa da jakitea, Biarno, Nafarroa eta Zuberoako gailur asko eta asko mirestuko dugula bertatik.



BI HERRITAKO MUGAREN HARITIK. Sarimendi gainetik apur bat atzera eginda, Larraine eta Santa Grazi herrietako lurren artean muga egiten duen hegiaren haritik ibiliko gara, erabat iparraldera jota. Ibilbide zati horren helmugari huts egitea ezinezkoa da, iparraldean daukagun Santa Graziko Otsogorrigainako kaskoa habez josita baitago. Ohartuko gara ere, tamalez baina, 4X4 ibilgailuak hegi horretatik bertatik badabiltzala, usoak ehizatzeko lekuetara tiro egileak gehiegi nekatu gabe eramateko...

Zubereraz airekagiak deitzen ditugun tiroleku horiek nahi eta nahi ez bidelagun ditugula, Otsogorrigaina gailurrera iritsiko gara (1.411 m). Telebista eta mota askotako beste errepikagailuek itsustutako gain horretatik behera egingo dugu, betiere hegiaren hariari iparralderantz jarraituz. Ezkerraldean, Santa Graziko Otsogorrigaina gailurrera daraman bidexka topatuko dugu laster, baina horri jarraitu gabe aurrerantz joko dugu norabide berean beti. Lautada belartsu baten gorenean, porlanezko zedarri txiki batekin topo egingo dugu, horrek seinalatzen duelarik Negümendi gaina (1.307). Aski laster ere, Zeinhagia izena duen soilgune batera (1.240 m) iritsiko gara.

Iparraldeari eutsita beti, pagoak eta haritzak nahastuta dauden baso batetik lehenik eta hegi belartsu baten behera eginda gero-ez da beti ibilbidea oso garbia-, erdaraz Hiru kurutzeen lepoa izena duen tokira helduko gara. Bidexka batekin topo egin eta ezkerraldera, mendebalderantz, jarraituko dugu. Bidexkan kilometro eta erdi inguru egin ondoren, bide harriztatu batekin egingo dugu topo. Eskuinerat hartuz eta kilometro bat ibilita, ibilgailuak utzita dauzkagun Ardakotxeko abiagunera helduko gara.



Igelua: Etxahun Barkoxeren babesgune

Ibilgailuak utzi ditugun bide harriztatuan aurrera jarraituz, Saimendiko hegoaldeko mazelaren azpian den Igeluako txabolara irits gaitezke. Bide horren bazterrean bertan den artzainola xume horrek ezaugarri berezi bat dauka. Hortxe ezkutatu egin zen Pierra Topet Etxahun Barkoxe, jendarmeak eta epaileak atzetik zeuzkalarik. Etxahun Barkoxek hitz zorrotzak zuzendu ohi zizkien herritarrei, bere kobla edo bertsu famatuetan. Igeluako artzain kideei, ostera, goresmenak eta laudorioak azaldu zizkien geriza emateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.