Abortua

'Astelehen Beltza' Polonian, abortatzeko eskubidearen alde

Parlamentuak tramiterako onartu du abortatzen duten emakumeentzako bost urte arteko kartzela zigorra eskatzen duen herri ekinaldi legegilea. Gizarte eragileek deituta, manifestazio jendetsuak egin dituzte; talde feministen deiarekin bat eginda, hainbat enpresak ateak itxi dituzte protesta gisara.

'Astelehen Beltza' egiten ari dira Polonian, abortatzeko eskubidearen alde. RADEK PIETRUSZKA / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko urriaren 3a
18:19
Entzun

Abortua kasu guztietan debekatzea, abortatzen duten emakumeei eta haiei laguntzen dieten medikuei bost urte arteko kartzela zigorrak ezartzea, eta haurra modu naturalean galdu dutela diotenen kasuak ikertzea. Horiek dira Ordo Iuris eta Stop Abortoa koalizioak bultzatutako herri ekinaldi legegilearen puntu nagusiak. Orotara 100.000 sinadura bildu ditu ekinaldiak, eta, jasotako babesa ontzat jota, proposamena tramiterako onartu du Poloniako Legebiltzarrak.

Denek ez dute, ordea, berdin pentsatzen. Hori dela eta, gizarte eragileek Astelehen Beltza antolatu dute gaurko, eta lanak alde batera utzi eta kalera ateratzeko deia egin diete herrialde osoko emakumeei. Asko izan dira deiari erantzunez greba egin duten emakumeak, zenbait enpresak bat egin dute protestekin, baita erakunde ofizialek ere —Czestochowako Udalak, esaterako jai eman die emakumezko langileei—. 

 

"Herrialde honetako emakume eta neskek sentitzen dute ez dutela inolako botererik, ez direla berdinak, ez dutela ez iritzirik eta ez eskubiderik", salatu du Magda Staroszczykek, protestaren bultzatzaileetako batek.

Egun, dagoeneko, Polonia da abortuaren aurkako legedia gogorrenetariko bat duten EBko estatuetako bat. Han, abortatzeko hiru abagune soilik eskaintzen ditu legeak: umekiaren bizitza arriskuan egotea, amaren osasuna arriskuan egotea eta haurdunaldia bortxaketa edo inzestu kasu baten ondorio izatea. Gainontzeko kasu guztietan debekatua dago abortatzea. Baina legedia horri eskas irizten diote bai Eliza katolikoak eta baita agintean den Legea eta Justizia alderdiak ere, eta biek babestu dute ekinaldia.

Emakumeen eskubideen aldeko ekinaldiak oihartzuna izan du nazioartean ere, eta sare sozialetan elkartasun mezu ugari argitaratu dituzte #CzarnyProtest etiketarekin.

Horretaz gain, manifestazioak egin dituzte Europako hainbat hiritan, Poloniako Parlamentuak onartutako herri ekinaldi legegilea salatzeko. Protestak izan dira, besteak beste, Berlinen eta Bruselan. 

Aldiz, Gobernuak gogor gaitzetsi ditu mobilizazioak. "Hiltzeko eta bizitzeko eskubidearen inguruko eztabaida serioa espero dugu; ez arazo artifizialak sortzea helburu duten itxurazko protestak", esan du Witold Waszczykowski Atzerri ministroak. 

Ezkerra ez dago bakarrik

Lege proposamenaren aurkako mugimendua talde feministetatik hasi den arren, bestelako taldeak batu zaizkie azken egunetan. "Nire ama katolikoa da, eta mezetara joaten da igandero. Abortuaren aurka dago uste duelako ez dela bidezkoa haurra nahi ez izate hutsagatik abortatzea. Baina lege honen aurka ere badago, bortxatutako emakumeak erasotzaileak baino zigor gogorragoa jasoko lukeelako", azaldu du Malgorzata Lodyga medikuak.

Kritika gehien eragin dituena, hala ere, abortu naturalak izan dituzten emakumeen kasuak ikertzeko proposamena izan da. Talde feministek salatu dute emakumeak kriminalizatzea duela helburu egitasmoak, eta ohartarazi gaur egun bertan, legearen barruan abortatzeko aukera luketen emakumeak haurdunaldiarekin jarraitzeko konbentzitzen ahalegintzen direla medikuak.   

Polska aldizkariak plazaratutako inkesta baten arabera, herritarren %74 dago legedia bere horretan mantentzearen alde, eta %50ek babestu dute grebarako deialdia, eta %15ek iragarri dute protestetan parte hartzeko asmoa.

Hurrengo eguneko pilula ere delitu

Bizitzaren Aldeko Mugimenduen Poloniako Federazioak urrats bat gehiago egin du eta, eskuineko hainbat legebiltzarkideren babesarekin, hurrengo eguneko pilula debekatzeko eskatu. Hark aurkeztutako egitasmoaren arabera, hurrengo eguneko pilula saltzen edo banatzen harrapatutako edonork bi urte arteko kartzela zigorra jasoko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.