'Brexit'-a

'Brexit' gogorra eragozten duen legea onartu du legebiltzarrak

Jonhson Bruselarekin negoziatzera behartzen duen lege proposamena bi aldiz bozkatu dute. Aurrenekoan 329 aldeko boto jaso ditu, eta 300 kontrako. Bigarrengoan 327 aldeko eta 299 kontrako. Urriaren 15ean hauteskundeak egitea proposatu du Jonhsonek, baina ez du parlamentuaren bi herena lortu horretarako. Beraz, 31rako irteera negoziatu ezean, luzatu egin beharko dute epea

Boris Johnson lehen ministroa, bart Parlamentuan. JESSICA TAYLOR, EFE
2019ko irailaren 4a
07:13
Entzun

Boris Jonhson Erresuma Batuko lehen ministroari brexit gogorra aplikatzea oztopatu diote. Hilary Benn laboristak brexit gogorra eragozteko proposatutako lege proiektuari buruz eztabaidatu dute gaur, eta legea aurrera atera da. Aurreneko bozketan 329 aldeko boto jaso ditu, eta 300 kontrako. Bigarrengoan, berriz, 327 aldeko eta 299 kontrako.

Lege hori onartuta, bi aukera ditu Jonhsonek: urriaren 19rako Bruselarekin akordioa egin eta gero hura parlamentuak onartzea; edo, parlamentuaren babesa izatea itunik gabe irteteko. Bigarrenik ez du jada, eta akordioa erdietsiko ez balu urriaren 19rako, irteera data 2020ko urriaren 31ra atzeratzeko eskatu beharko lioke Jonhsonek EBri.

Legea betetzea eragozteko aukeretako bat hauteskundeak egitea litzateke. Eta halaxe egitea proposatu du Johnsonek: urriaren 15ean egin nahi ditu. Gaurko eztabaidaren aurretik bota dio erronka oposizioari, eta laboristek ezetz erantzun diote: "Orain bozak egitea tranpa da", esan du Keir Starmer bozeramaileak. Haientzat, akordiorik gabeko brexit-a eragoztea da lehentasuna.

Johnsonek, haserre, ohartarazi zuen lege proiektua aurrera ateraz gero hauteskundeetara deituko zuela, baina hori egin ahal izateko ere beharrezkoa du Komunen Ganberako bi herenen babesa, eta ez du halakorik lortu. Beraz, ez da oraingoz hauteskunderik izango.

Bien bitartean, Alderdi Kontserbadoreak iragarri du kanporatu egingo dituela atzo iluntzean oposizioarekin bat egin zuten 21 diputatu kontserbadoreak.

Gobernuburu kontserbadoreak ahaleginak eta bi egin zituen bart bozketaren emaitza aldatzeko, eta ohartarazi zuen gaur lege proiektuak aurrera egiten badu brexit-aren gaineko kontrola Europako Batasunaren esku geratuko litzatekeela, eta horrek "zalantza, atzerapen eta nahasmen handiagoa" eragingo lukeela.

Parlamentuaren itxiera "legezkoa" da

Johnsonek lehen garaipena eskuratu du gaur parlamentua ixteko erabakiaren aurkako bide judizialean. 75 diputatuk Eskoziako Auzitegi Zibil Nagusira jo zuten haren erabakia blokeatze aldera, baina Raymond Doherty epaileak gaur ebatzi du "legezkoa" dela Johnsonen mugimendu politikoa.

Erresuma Batuko lehen ministroak erabaki du parlamentua hilabetez ixtea, datorren astetik urriaren 14ra, diputatuek ahalik eta denbora gutxiena izan dezaten akordiorik gabeko brexit-a eragozteko. Edo, finean, denborarik izan ez dezaten. Oposizioa, bere osotasunean, itxieraren aurka agertu da: batzuentzat, mugimendu politiko hori "estatu kolpe bat" izan da; beste batzuentzat, "diktadura bateko" erabaki baten gisakoa, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak adierazi bezala.

Baina, auzitegiaren arabera, parlamentuaren itxiera legezkoa da, eta, salbuespenak salbuespen, urtero egiten dute Erresuma Batuan. Hortaz, arazoa eta eztabaida dira Johnsonek noizko agindu duen itxiera, eta zer helbururekin agindu duen.

Epailearentzat, ordea, erabakiaren atzean dagoen helburuak ez du ezer aldatzen, auzia politikoa baita, eta parlamentuari baitagokio horren aurka egitea. Finean, argudiatu zuen ez dela auzitegiaren egitekoa gobernuaren jarduna "oztopatzea": "Nire iritziz, eta botere banaketa kontuan hartuta, itxieraren inguruko auzia politikari buruzkoa da. Ezin da neurtu termino judizialekin".

Hortaz, Erresuma Batuko lehen ministroaren erabakia ez doa "konstituzioaren aurka", eta ez da "legearen kontrakoa", Dohertyren ustetan.

Epailearen erabakiak haserrea eragin du salaketa aurkeztu zutenen artean. Joanna Cherry SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko diputatuak jakinarazi du helegitea jarriko diotela epailearen erabakiari: "Epaileak legezko huts egite bat egin du puntu horren inguruan. Berehala jarriko diogu helegitea", idatzi du Twitter sare sozialean. Hortaz, auzia Auzitegi Gorenera joango da, eta litekeena da hilaren 17an egitea horri buruzko saioa.

Ian Murray diputatu laboristak ere baieztatu du helegitea jartzeko asmoa: "Halere, borroka nagusia parlamentuan dago. Lehen ministroak gehiengoa galdu du, eta ez du ganberaren babesa akordiorik gabeko brexit-a gauzatzeko plan arriskutsurako".

Beste bi hitzordu

Eskoziako auzibidea galdu arrean, parlamentuaren itxieraren aurkakoek beste bi hitzordu judizial dituzte finkatuka aste honetarako.

Bigarren hitzordua, eta ziurrenik oihartzunik handiena izango duena, bihar izango dute, Ingalaterrako eta Galesko Auzitegi Nagusiaren Londresko egoitzan. Parlamentuaren itxiera blokeatzeko eskaria egin dutenen artean daude, besteak beste, Alderdi Laborista, Liberal-demokratak, John Major Erresuma Batuko lehen ministro ohia —torya— eta Gina Miller enpresaria. Miller ezaguna egin zen 2017an, lortu baitzuen parlamentuak izatea brexit-aren prozesua hasteari buruzko azken hitza, Auzitegi Nagusian izandako prozesu bati esker; hortaz, aurten ere bide judizialera jotzeko erabakia hartu du.

Hirugarren eta azken hitzordua etziko finkatu dute, Ipar Irlandan. Belfasteko Auzitegi Nagusian, giza eskubideen aldeko ekintzaile batek bere argudioak emango ditu Johnsonen mugimendu politikoa blokeatze aldera.

Bide judizial horiek historiko bilakatu dira, lehen aldia baita parlamentua ixteko erabakiari aurre egin diotela auzitegietan; ez soilik lehen ministroari, Erresuma Batuko erreginari ere bai, Johnsonek haren baimena behar baitzuen itxiera agintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.