Charlie Hebdo kazeta satirikoaren erasoen kontrako epaiketan hitza hartu zuten atzo aldizkariko hainbat kazetarik; beste batzuen txanda izango da gaur. Mina eta sufrimendua nabari zen euren testigantzetan; baita indarra ere.
Onik atera ziren horiek 2015ean aldizkariaren aurka egindako atentatutik, baina sendaezinak diren zauriak utzi zizkien erasoak. «Itxuraz, lesiorik gabeko biktimak», Cecile Thomas kazetariaren hitzetan.
Besteak beste, Corinne Rey izan zen atzo lekukotasuna eman zutenetako bat: «Rissen bulegora korrika joan nintzen haren mahai azpian ezkutatzera; terrorista bat sartu zen bilera gelan, aulki hotsak entzun nituen, eta, gero, tiroketak hasi ziren. Honako hau esan zuten: 'Mendekatu dezagun profeta'», adierazi zuen Reyk. Ezkutalekutik irtendakoan ikusi behar izan zituen irudi gogorrak azaldu zituen ondoren, eta hor ulertu zuela sarraskiaren tamaina. «Aldizkari bat egiten ari ginen. Jendeari barre eragiteko geunden hor. Hori da egun horretan hil zuten talentua: adimena».
Bestalde, atentatuak utziak zizkion arrastoak nabarmendu zituen: «Ez ninduten hil, ez ninduten zauritu. Indargabe sentitu nintzen, baita errudun ere. Oso zaila izan zen hori gainditzea».