MUNDUA

11 mendizale hil dira Himalaian, elurrak azpian hartuta

6.800 metrora gertatu da ezbeharra Manaslun, Nepalen, lotan ari zirela. 13 pertsona bizirik atera dira elur jausitik.

2012ko irailaren 24a
12:38
Entzun

Izotz masa ezegonkor baten hausturak eragin du elurrak hainbat mendizale azpian hartzea. Manaslura igotzeko bidean hirugarren kanpalekuan zeuden mendizaleak, lo. Orduan harrapatu ditu 25 kanpadenda, eta beste hamabi, bigarren kanpalekuan. Desagertuak ere badira, eta haien bila ari dira erreskate taldeak. Nepaleko agintariek baieztatu dute gutxienez 11 direla hildakoak. Frantziakoak eta Alemaniakoak dira gehienak. Sei hildakoren hilotzak Katmandu hiriburuan dira jadanik.

Atzo gertatu zen ezbeharra, Euskal Herrian 00:45 inguru zirela. Zendutakoetako bat da Marti Gasull kataluniarra, hizkuntza katalanaren aldeko plataformaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat. 43 urte zituen Gasullek. Atsekabea azaldu du plataformak haren heriotzaren berri izatean, eta horrela deskribatzen zuen Gasull: "Hizkuntzarekin eta kultura katalanarekin konprometitua zegoen, eta ezaguna zen bere gizatasunarengatik eta gure herriaren borrokarekiko konpromisoagatik".

Munduko zortzigarren mendirik garaiena da Manaslu, eta laugarren hilkortasun tasarik handiena du, ohikoak baitira elur jausiak. 1995etik mendian gertatutako ezbeharrik larriena izan da atzokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.