Sanako (Yemen) Estatuko Segurtasun Auzitegiak hamabost urteko kartzela zigorra jarri dio Emar Ebda al Waili-ri, 2007an Yemenen hamahiru lagunen heriotza eragin zuen atentatu suizida prestatzea egotzita. Hamahiru lagun haien artetik hiru euskal herritarrak ziren: Mikel Essery eta Magie Alvarez zarauztarrak, eta Maria Asuncion Vitorica amurriotarra —hau pare bat astera zendu zen, erietxean—. Turista gisa zeuden Yemenen.
Zigortua ihes eginda dago. Auzitegiak Al Kaeda erakundeko kidetzat joa du.
2007ko uztailaren 2an izan zen erasoa, Saba Erreginaren Tenplutik gertu. Euskal herritarrez gain, sei katalan, espainiar bat —zazpi horiek ere turista modura zeuden—, bi yemendar eta suizida bera zendu ziren. Atentatuan egileak lehergaiz betetako bere ibilgailua turisten konboiaren kontra jo zuen, eta leherketa izan zen. Yemengo Gobernuak atentatua hasieratik leporatu zion Al Kaedari.