155. artikuluaren kontrako helegiteak ozta-ozta iritsi dira Senatura

Puigdemonten sinadura, helegiteen amaieran. BERRIA
jon ordonez garmendia
2017ko urriaren 26a
11:31
Entzun

Ozta-ozta, baina iritsi dira. Kataluniako Generalitateak 155. artikulua ezartzearen kontrako helegiteak bidali ditu Espainiako Senatura. Azken unera arte itxaron du Puigdemontek, eta hasiera batean Senatuak berak jakinarazi du epez kanpo iritsi dela. Gero, ordea, atzera egin du, eta azken unean iritsi direla azaldu du, baina epearen barruan izan dela. Goizeko hamarrak jotzear ziren, epearen amaiera.

Espainiako Gobernuak Katalunian esku hartzeko proposatu dituen neurriak banan-banan aletzen ditu Generalitateak, eta horien kontrako arrazoi juridikoak ematen ditu. Amaieran dio Espainiako Gobernua 155. artikuluak ematen dion ahalmenetik haratago joan dela Senatuari proposatu dizkion neurriekin, eta helburua "Kataluniako herriari bere erakundeak kentzea" dela, "zehaztu gabeko epe batean, gainera". Ondorioz, "Espainiako Gobernuak larritzat jo duen ezohiko egoera konpontzeko, are eta larriagoa den ezohiko beste egoera bat eragin behar du, Kataluniari bere autonomia politikoa kenduz".

Helegiteen hasieran argudiatu du Generalitateak 155. artikuluaren bigarren atalaren arabera (155.2) Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoko agintariei zer egin behar duten azaldu behar diela, eta hori ez dela bateragarria agintari horiek kargugabetzearekin. Generalitatearen arabera, beraz, 155. artikuluaren bi atalen irakurketatik ondorioztatzen da Senatuak ezin diola Espainiako Gobernuari txeke zuri bat eman, baizik eta jarraibideak emateko ahalmena. "155. artikulua ez da botere osoa hartzeko klausula bat".

Generalitatea Senatura Puigdemont joan edo ez aztertzen aritu da azken egunetan, baina azkenean ez joatea erabaki dute. Generalitateak argudiatu du Espainiako Gobernuak erabaki duela jada 155. artikulua ezartzea eta euren azalpenak alferrikakoak zirela. Espainiako Gobernuak atzo adierazi zuen ez joateak erakusten duela ez duela elkarrizketarako asmorik. Ferran Mascarell Generalitateak Madrilen duen ordezkariak ordezkatuko du Senatuan 155. artikulua tramitatzen den bitartean. Eta horrek ezingo balu, Miquel Angel Estrade eta Jose Lluis Cleries ERCko eta PDECATeko bozeramaileek egingo lukete lan hori, gutunean azaldu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.