Errefuxiatuen krisia

160.000 errefuxiatu hartzeko larrialdiko mekanismo baten sorrera iragarri du Bruselak

Gogor kritikatu du Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek estatu kideek errefuxiatuen krisian agertutako jarrera: "Europa gehiago behar dugu gure asilo politiketan; eta batasun gehiago errefuxiatuen auzian". Bruselak iragarritako kopurua motz geratzen da Grezia, Italia eta Hungarian dauden 470.000 iheslarien aldean.

Errefuxiatuak Serbia eta Hungariako mugan, poliziaz inguratua. ANTONIO SANCHE SOLIS / EFE
arantxa elizegi egilegor
2015eko irailaren 9a
07:03
Entzun

Hitz gogorrak erabili ditu Jean-Claude Junckerrek Batasuneko estatu kideek errefuxiatuen krisian azaldutako jarreraz mintzatzerakoan, eta ohartarazi du errefuxiatuen auziak ez lukeela arazo izan behar, etorkizun ekonomiko hobea bermatzeko "baliabide" baizik. Hala, eskatu die estatu kideei "elkar seinalatzeari utzi" eta "guztiak ontzi berera igo" daitezela, migratzaileen krisiari irtenbidea aurkitzeko.

Era horretan, egun Grezia, Italia eta Hungarian dauden 120.000 hartu beharko dituzte EBko kideek, "derrigorrean". Horri gehitu behar zaizkio aurretik, eta borondatezko kuoten bidez, banatutako 40.000 iheslariak. Horiei guztiei aterpea emateko helburuarekin Bruselak iragarri du larrialdiko mekanismo bat jarriko duela abian. "Europak ezin ditu munduko miseriatik ihesi doazen guztiak hartu, baina orain kontinentera heldu direnak aterpetu behar ditugu".

Aipatu iheslari horietatik 15.000 inguru hartu beharko ditu Espainiak; 24.000 Frantzak eta 500.000 Alemaniak.

Dena den, Junckerrek aipatutako 120.000 pertsonako kopurua motz geratzen da Grezia, Italia eta Hungarian muga igaro zain dauden iheslarien kopuruarekin alderatuta. Europako Batzordeko presidenteak berak aitortu duenez, Greziako zentroetan 200.000 errefuxiatu daude egun, 150.000 Hungarian eta 120.000 inguru talian.

Baina kritika gehien eragin duen puntua migrazioak legeztatzearena izan da. Neurria datorren urte hasieran eztabaidatuko duten arren, Batzordeko buruak iragarri du Europak "mugak zabaldu" behar dizkiela migratzaileei, etorkizunean "haien beharra" izango delako.

Neurri sorta

Asilo eskaerekin lotutako neurri sorta ere iragarri du Junckerrek. Besteak beste, asilo eskaerak onartu eta berehala errefuxiatuak lanean has daitezen ahalbidetzeko aldaketak egiteko eskatu die estatu kideei. Izan ere, gaur egun estatuek asilo eskaera onartu eta hiru hilabetera lanpostu bat eskaini behar diete errefuxiatuei.

Horretaz gain, eta Alemaniak eskatu moduan, "herrialde seguruen zerrenda" osatuko du Bruselak, horietatik datozen iheslariak etxera itzul daitezen, "era horretan gehien behar dutenengan jarriko dugu arreta".

Afrikako estatuentzako 1.800 milioi euroko larrialdiko funts baten sorrera ere iragarri du Europako Batzordeko presidenteak, garatzen ari diren herrialdeei laguntzeko.

Azkenik, eta behin 160.000 asilo eskaerak nola banatu erabakita, aurrerantzean halako krisiak daudenean eskaerak "automatikoki" banatzeko mekanismoa jarri nahi du abian Europako Batasunak.

Alemania, prest

Angela Merkel kantzilerra izan da Junckerri sostengua adierazten lehena, esanez Berlin prest dagoela "erronka humanitarioari" aurre egiteko. Dena den, zehaztu du asilo eskatzaileei eta gerrako errefuxiatuei egingo diela harrera Alemaniak; ez, hala, jazarriak ez direnak eta "arrazoi ekonomikoengatik" ihes egin dutenak.

Junckerren hitzek kontrako erantzun ugari ere jaso dituzte, ordea. Besteak beste, Erresuma Batuko Independentziaren Alderdiko kide Patrick O'Flynnena, zeinak lotsagarritzat jo duen mugak zabaltzeko eskaera.


Bihar, kuotei buruzko eztabaida

Bihar bilduko dira EBko estatu kideetako ordezkariak, borondatezko kuoten bidez hartu beharreko 32.000 errefuxiatuei buruz hitz egiteko.

Kuoten inguruko jarrera kontrajarriak daude estatu kideen artean. Italiak eta Greziak kuota horiek derrigorrezkoak izatea eskatzen dute. Aldiz, Hungariak, Txekiak, Eslovakiak eta Poloniak onartetzintzat jo dute inor iheslariak onartzera behartzea. Haiekin bat etorri da Erresuma Batua ere, argudiatuta horrek "kontrako eragina" izan dezakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.