munDUA

18 lagun zendu dira Polonian istripu batean eta 40 Ukrainan beste ezbehar batean

Varsovia ondoan aurrez aurre jo dute kamioi batek eta furgoneta batek, eta azken horretakoak dira hildako guztiak; lanera zihoazen. Ukraina hego-ekialdean autobus batek eta tren batek talka egin dute; lehen ibilgailuak ez du pasabideko argia errespetatu.

2010eko urriaren 12a
15:16
Entzun
18 lagun zendu dira gaur Varsoviatik 80 kilometrora izandako errepide istripuan, kamioi batek eta furgoneta batek aurrez aurre jotzean. Hildakoak, furgonetan zihoazenak dira. Beste bi pertsona zauritu egin dira; horietako bat, kamioiko gidaria da. Hiriburuaren hegoaldean izan da ezbeharra, Nowe Miasto nad Pilica herrian.

Poloniako Poliziaren ustez, baliteke behe-lainoagatik eta bi ibilgailuen abiadura azkarragatik gertatzea istripua. Dena dela, furgoneta beste erraian sartu da, eta orduan izan da talka.

Hemezortzi lagun zihoazen furgonetan, lanera. Poliziak dio ibilgailu mota horretarako jende gehiegi zihoala eta, ondorioz, litekeena dela denentzako ez izatea segurtasun gerrikoa.

Jerzy Miller Poloniako Gobernuko Barne ministroa Nowe Miasto nad Pilicara abiatu da. Herrialdean inoiz izandako errepide istripu handienetakoa dela diote.

Ukrainan ere istripu larria gertatu da, 40 lagun zendu direlako tren eta autobus baten arteko ezbeharrean. Herrialdearen hego-ekialdean izan da, Marganets herrian, zaintzarik gabeko pasabide batean. "Lehen datuen arabera, autobusak ez dio pasoko argi gorriari kasurik egin", polizia iturri batek dioenez. Ukrainako Tren Elkarteak gauza bera esan du. Trena maniobratan zebilen.

Beste hamabi lagun zaurituta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.