Taiip Erdogan Turkiako lehen ministroak barkamena eskatu zuen atzo "Estatuaren izenean" Turkiako soldaduek 1937ko udan eta 1938ko udaberrian Kurdistanen egin zuen sarraskiagatik. Dersimen milaka eta milaka kurdu alebi hil zituen Turkiak eta beste hainbatek deserriratu egin behar izan zuten.
Erdoganen adierazpena historikoa da 74 urte hauetan aurretik inork ez baitu halakorik egin. Erdoganek, hala ere, gertatutakoaren erantzule Herriaren Alderdi Errepublikarra (CHP) egin du, horrek gobernatzen zuelako Turkia urte horietan alderdi bakarraren sistemarekin, eta gaur egungo alderdi horretako arduradunak barkamena eskatu beharko luketela esan du.
Historia ofizialak dio errebolta bat egon zela eta hori zapaltzeko sarraskia izan zela. Erdoganek aitortu du, ordea, beti ere CHPko buruen jarrera salatuz, aldez aurretik prestatutako erasoa izan zela eta aitzakia guztiak "neurrira" prestatu zituztela. Kemal Kiliçdaroglu CHPko presidenteak ez du adierazpenen gainean ezer esan baina 1937ko eta 1938ko gertaerak gaitzetsi ditu.
CHPren jarrera, odrea, ez da oso garbia. Dijarbakir eskualdeko CHPko presidenteak barkamena eskatu zuen, baina aurretik alderditik kanporatu zuten. Ankaran CHPko presidenteordeak esan du Erdoganek adierazpen horrekin "dinamita" jarri duela "nazioaren batasunean". Dersimgo sarraskiaren Elkarteen Federazioko presidenteordeak esan du euren urteetako aldarrikapena zela Turkiak barkamena eskatzea eta aurrerapausoa dela.
Dersimgo sarraskia Kurdistan turkiartzeko Mustafa Kemal Ataturkek abiatu zuen prozesuaren une garrantzitsuenetako bat izan zen.