Mundua

198 preso palestinar askatu ditu Israelek

Tel Aviven esanetan, Annapolisen hasitako prozesua errazteko eta Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekiko "borondate oneko keinua" da. Condoleezza Riceren bisitarekin batera hasi dira presoak askatzen, baina preso bat zerrendatik kanpo utzi dute.

2008ko abuztuaren 25a
15:20
Entzun
Bere espetxe eta presondegietan dituen 11.000 bat preso palestinarretatik 198 askatu ditu gaur Israelgo Gobernuak. Honen esanetan, Annapolisko konferentzian (AEB) iazko azaroan hasitako prozesua errazteko eta Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasekiko "borondate oneko keinua" da. Al Fatako buruaren ordezkariak eta Tel Avivekoak negoziazio prozesua dute martxan, urte bukaerarako bake akordioa lortzeko asmo deklaratuarekin. Hain justu, AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Rice Jerusalemera iritsiko da gaur, Tel Aviveko agintariekin nahiz Abbasen kabinetearekin (Salam Fajad Hirugarren Bidea alderdi txikiko kidea du behin-behineko lehen ministro) elkarrizketatzeko eta herrenka dagoen bake prozesua biziberritzeko.

Nolanahi ere, aditu batzuek ez dute baztertzen gaurko presoen askapena Hezbolaren eta Israelen arteko gatibu trukearen zati izatea. Libanoko erresistentzia talde nagusiak eta Tel Avivek bi soldaduren gorpuak, hainbat palestinar nahiz libanoarrenak eta bost preso libanoar trukatu zituzten uztailean.

Israelgo Gobernuak 199 presoren izenak zituen zerrenda onartu zuen duela gutxi, haiek aske uzteko. Alabaina, azken unean preso bat zerrendatik kanpo utzi dute. "Segurtasun presoa" ez baizik eta "kriminala" dela argudiatuta utzi dute kartzelan.

Presoak Jerusalem eta Ramala artean dagoen Beitunia herriko kontrolgunean jarro dituzte Al Fataren kontrolpeko PANen esku. Libre utzi dituztenen artean Said al Ataba (1977tik preso), Mohammed Abu Ali Jatta (1979tik preso) eta Husam Khadir (Al Fatako buruzagi beteranoa) daude. Askatutakoen artean ez dago Hamaseko -alderdi palestinar nagusia- kiderik, ezta Israelek iaztik preso dituen 30 bat diputatu, alkate eta ministrorik ere.

Halere, bere taldeko nahiz besteetako hainbat preso izan ditu gogoan PANeko presidenteak, gaur askatu dituztenei Ramalako Mukata egoitzan eginiko ongi etorri jendetsuan. "198 heroi ikusten ditut. Zuen askapenagatik kontent gaude, baina oraindik tristura dugu gure bihotzetan, 11.000 preso daudelako oraindik Israelgo kartzeletan. Preso bakoitzaren izena gure bihotzetan izkiriatua dago, eta libre ikusi nahi ditugu ere Maruan Barguti, Ahmed Saadat eta Aziz Dueik eta gisako beste buruzagi batzuk. Ez da bakerik izango presoak askatu arte". Barguti Al Fatako buruzagia da, Saadat FPLP Palestina Askatzeko Herri Fronteko idazkari nagusia -Jerikoko kartzelatik bahitu zuen Israelgo armadak, duela urte gutxi-, eta Dueik Hamaseko diputatua eta Palestinako Kontseilu Legegileko (Legebiltzarra) presidentea zen atxilotu zutenean.

Horiek hala, preso batzuk askatzen dituen bitartean, beste hainbat lagun atxilotzen segitzen du Israelgo armadak. Hala, gaur goizaldean sei palestinar atxilotu ditu Ramala hirian, Zisjordanian. Lehenago etxeratzeko agindua ezarri zuen, besteak beste Belen ondoko Dar Sala herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.