2013tik Bartzelonan egin diren Diadako ekitaldiak ikertzeko eskatu du Guardia Zibilak

Indarkeria leporatzen die eta prozesu independentistaren kontrako auzian aintzat hartzeko eskatu dio Pablo Llarena epaileari.

2014ko mobilizazioaren irudi bat, TV3etik hartua. EFE
jon ordonez garmendia
2017ko abenduaren 21a
00:27
Entzun

Kataluniako prozesu independentista ikertzen ari da Guardia Zibila, eta ikerketa horretan 2013tik Bartzelonan egin diren Diada eguneko ekitaldiak aintzat hartzeko eskatu dio Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileari. Artur Masen eta Carles Puigdemonten gobernuek eta ANCk eta Omniumek "Espainiaren zapalkuntza modura ulertzen zuten horren kontra egiteko" erabili zituztela dio, eta hori argudiatzen du ikerketan sartzeko.

Diada egunei 2016ko azaroaren 13ko eta aurtengo otsailaren 2ko mobilizazioak gehitu dizkie Guardia Zibilak bere txostenean. "Mugimendu horiek eskubide eta askatasun konstituzionalen kontra indarkeria erabiltzea zuten helburu", dio Guardia Zibilak, eta Kataluniako "desafio independentista" ulertzeko aintzat hartu beharrekoak direla.

Txostenean Kataluniako bi presidenteez gain, Jordin Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omniumeko buruak ere aipatzen ditu, gobernuko eta parlamentuko beste kide batzuekin batera, mobilizazio horietan izan zuten ekimenagatik.

"117 escrache Guardia Zibilari, irailetik azarora"

Guardia Zibilak 117 escrache zenbatu ditu bere polizien kontra Katalunian irailetik azarora. Horietatik gehienak koartelen aurrean izan direla dio, baina ostatu hartu duten hoteletan eta kanpinetan ere izan direla dio. Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari igorritako txostenaren eransin batean jaso ditu Guardia Zibilak. Hala banatu dituzte: Bartzelonan 61 escrache; Tarragonan, 26; Lleidan, 17; eta Gironan, hamahiru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.