Mundua

202 errefuxiatu kanporatu dituzte jada EB eta Turkiaren arteko ituna indarrean sartu berritan

EBk eta Turkiak sinatutako akordioa indarrean sartu da, eta gaur bertan Greziatik 400-500 errefuxiatu eramatea espero du Turkiak.

Bi ontzitan 131 errefuxiatu kanporatu dituzte EB-Turkia ituna indarrean sartu eta lehen orduetan. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE
2016ko apirilaren 4a
07:14
Entzun

Frontexek zabaldutako datuen arabera, bi ontzi irten dira Greziako Lesbos irlatik Dikilirako bidean (Turkia), eta 202 lagun inguru zeramatzaten. Hurriyet hedabidearen arabera, lehen ontzia heldu da Turkiara.

Greziak herrialde seguru izendatu du Turkia, eta, beraz, Europako Batasunak eta Turkiak sinatutako akordioari jarraituz, hara deportatuko ditu errefuxiatuak. Gaur sartu da indarrean akordioa, eta gaur bertan 400-500 errefuxiatu iristea espero du Turkiak, Efkan Ala Barne ministroak igandean jakinarazi zuenez: "Greziak 400 izen eman dizkigu orain arte, baina guk 500 eskatu ditugu. Posible da biharko [gaurko] zerrenda 500ekoa bihurtzea".

Pakistango, Afganistango eta Irakeko errefuxiatuak beren herrietara eramango dituztela jakinarazi du Alak, nahiz eta bi azkenak gerran dauden, eta asilo eskubidea bermatu beharko litzaiekeen hango herritarrei. "Ez ditugu siriarrak bezala tratatuko", esan du, ulertzera emanez haiei asilo eskubidea emango dietela.

Iristen direnean, Anatolia herrian prestatu duten errefuxiatuen gunera eramango dituzte, eta handik batzuk beraien herrialdeetara eramango dituzte, eta beste batzuk EBra, akordioa betez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.