Kanpalekuetan bizi diren sahararrek dena galdu dute. Amin Awad UNHCRko Afrikarako zuzendariak azaldu hondamendia handia dela: "Dena dago hondatuta, ez soilik etxeak, baita lantokiak, dendak, haurtzaindegiak, eskolak, ospitaleak; munduko leku babesgabeenean daude ezer gabe". Erakundeak jada 1.500 jaima bidali ditu, eta ura eta elikagaiak banatzeari ere ekin dio.
Sahararrena da historian errefuxiatuta denbora gehien daraman herria. Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuela 40 urte beteko dira azaroaren 6an, eta orduz geroztik, milaka saharar errefuxiatuta bizi dira Tindufen (Aljeria). Amin Awadek ohartarazi du azken hiru urtetan nazioarteko diru-laguntzetan murrizketa handiak izan direla, eta horrek malnutrizio kasuak areagotu dituela. UNHCRek eskatutako diruaren %20a baino ez du jaso. Awadek murrizketak salatu eta premiazko egoera honetan babesa eskatu dio nazioarteari: "Laguntza behar duten pertsonen kopurua handia da oso, eta gure babesa erakutsi behar diogu saharar herriari; 90.000 lagun kaltetu baitira, eta horietatik 25.000 etxerik eta elikagairik gabe geratu dira".