TXILE

30.000tik gora txiletarrek diktadurako biktima izan zirela salatu dute

AGENTZIAK
SANTIAGO
2004ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Txileko Gobernuak Augusto Pinocheten diktadurapeko giza eskubideen bortxaketak ikertzeko batzorde bat osatu zuen eta sei hilabetez lekukotzak jaso ditu. 30.000tik gora herritarrek salatu dute torturatuak edo politikoki jazarriak izan zirela 1973-1990 bitartean; gehienak Salvador Allenderen aurkako estatu kolpearen urte berean, 1973an. Alabaina, batzordeak ez ditu onartu atxilotu eta gutxira aske geratu zirenen lekukotzak, ezta torturatuak izan ez zirenen lekukotzak ere. Behin betiko txostena abuztuan aurkeztuko dio Ricardo Lagos presidenteari.

Batzordeko abokatu Cristian Correak jakinarazi duenez, lekukotza eman duten askok sexu gehiegikeriak salatu dituzte.Giza eskubideen aldeko taldeek lekukotzak hartzeko soilik sei hilabete hartzea kritikatu dute. Talde horien ustez, 100.000 lagun baino gehiago torturatu edota atxilotu zituzten. Orain arteko ikerketen arabera, 3.000 txiletar hil edo desagertu ziren. Legebiltzarrak aste honetan onartu duen lege bati esker, errepresioan parte hartu zuten militarrei zigorra arinduko zaie, «krimenen bat antolatu edo egin» zutenak izan ezik. Desagertuei buruzko informazioa ematea eskatzen zaie trukean. Bitartean, diktaduran irekitako auziengatik 30 lagun kartzelan daude egun eta horietatik 8 baraualdian, preso politiko guztiak aska ditzatela eskatzeko. Gose grebalariek bertako eragile askok emandako babesa eskertu dute espetxetik zabaldu berri duten hirugarren gutunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.