300dik gora pertsona hil ziren igandean Paraguaiko Asuncion hiriburuko hipermerkatu batek su hartuta. Atzo iluntzean, gutxienez, 330 ziren hildakoak, baina kopuruak gora egin dezake datozen egunetan. Izan ere, sorosleek gorpuak ateratzen jarraitzen zuten sutea gertatu zen tokian, eta zaurituak, asko eta asko larri, ehunka dira jada. Paraguaiko Gobernuak ikerketa bat agindu du sutea zergatik piztu zen argitzeko. Lekukoen esanetan, merkataritza guneko segurtasun arduradunek sutea hasi zenean ateak itxi zituzten, jendeak ezer lapur ez zezan eta irtetea galarazteko. Igandean bertan, hipermerkatuko jabea atxilotu zuten. Hilketa eta beste delitu batzuk leporatzen dizkiote.
Sutea igande eguerdian gertatu zen, Ycua Bolaños hipermerkatu sareak Asuncion hiriaren kanpoaldeko langile auzo batean duen hipermerkatuan. Lehen zantzuen arabera, merkataritza guneko jatetxeetako batean butano botila batek eztanda egin zuen eta gas sisteman leherketa gehiago eragin zituen. Ondoren, sabai zati bat lurrera erori zen eta bazkaltzen ari ziren familia ugari azpian geratu ziren harrapatuta. Sua jatetxe osora zabaldu zen, eta ondoren, hipermerkatura. Azken hamar urtean Hego Amerikan gertatu den suterik larriena izan zen igandekoa. Nicanor Duarte Frutos Paraguaiko presidenteak hiru eguneko dolu ofiziala agindu du eta kasua argitzeko Poliziak hasi duen ikerketa babestuko duela nabarmendu.
Ateak, itxita
Hainbat lekukoren esanetan, suhiltzaileak iritsi zirenean merkataritza guneko ateak itxita zeuden eta zailtasunak izan zituzten barrura sartzeko. Julio Cesar Velazquez Paraguaiko Osasun ministroak lekukoen tesia berretsi zuen, eta hipermerkatuko segurtasun arduradunek sutea hasi zenean, bezeroek ordaindu gabe alde egin ez zezaten, ateak itxi zituztela esan zuen. Gainera, Poliziaren arabera, hipermerkatuak ez zuen larrialdi irteerarik eta jendea barruan harrapatuta geratu zen. Gehienak gas toxikoa arnasteagatik hil ziren.
Hugo Onieva suhiltzaile boluntarioen buruak esan zuen bezeroei irteten utzi izan baliete ez zela tragedia hau gertatuko. Roque Gonzalez suhiltzaile boluntarioen bozeramaileak gaineratu zuen eraikineko segurtasun arduradun batek suhiltzaile bat tirokatu zuela sarrerako atea irekitzera zihoanean. Gonzalezek ziurtatu zuen hogei bat lagunek ikusi zutela gertatutakoa. Beste lekuko batzuek esan zutenez, eztandek eta suteak sortu zuten ikarak eraginda, kanpoan zeudenek beirazko paretak makilekin eta harriekin puskatu zituzten, barruan harrapatuta zeudenei irteten laguntzeko.
Poliziak, igandean bertan, Juan Pio Paiva merkataritza guneko jabea atxilotu zuen. Teresa Sosa fiskalaren aginduz atxilotu zuten Paiva, eta giza hilketa eta beste delitu larri batzuk leporatu dizkiote. Baina Paviak suhiltzaileek eta lekukoek esandakoa ezeztatu zuen, eta guztiz ukatu zuen segurtasun arduradunei ateak ixteko agindua eman izana.
Laguntza zerbitzuak
Merkataritza gunean 400-700 pertsona inguru zeuden sutea hasi zenean. Polizia eta suhiltzaileak minutu gutxi barru iritsi ziren sutearen gunera, baina nahasteak eta antolakuntza ezak egoera kontrolatzea zaildu zuten. Kanpoan zeudenek baieztatu zuten suhiltzaileek inguruan zuten ur irteera bakarrari ordu eta erdi kostatu zitzaiola funtzionatzen hastea. Anbulantziez gain, kamioiak ere erabili zituzten zaurituak ospitaleetara eramateko. Hildakoen gorpuak hipermerkatuaren ondoko eliza eta klub batera eraman zituzten.
Asuncion hiria hunkitu zuen gertaerak eta ospitaleek batera lan egin zuten igandean. Kontu korronte ugari zabaldu dira biktimei eta euren familiei datozen hilabeteetan laguntza emateko. Nazioartearen babesa ere izango du Paraguaiko Gobernuak.
TRAGEDIA PARAGUAIN
300dik gora pertsona hil dira hipermerkatu batek su hartuta
Lekukoen arabera, segurtasun arduradunek sutea hasi zenean ateak itxi zituzten, lapurretak saihesteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu