1976ko maiatzean sortu zen FLNC, ordura arte jardunean zeuden bi erakunde armatu —Ghjustizia Paolina eta Fronte Paesanu Corsu di Liberazione— bat eginez. 1973 eta 1974an sortutakoak ziren bi taldeak, eta irlaren autodeterminazioaren alde jardutea zuten helburu. Biak batuta, 1976ko maiatzaren 5ean egin zituen FLNCk lehen erasoak; 21 lehergailuk eztanda egin zuten, besteak beste, Ajjaccion, Bastian eta Porto-Vecchion. Baita Frantzian ere: Nizan eta Marsellan. Eraso horiek bere gain hartuz, agiri bat plazaratu zuen gau hartan erakunde armatuak (bideoa: biharamuneko albistegia).
Lehen agiri horretan, korsikarren eskubide nazionalen aitortza, "kolonialismo frantziarraren tresna guztien deuseztatzea, korsikarren botere demokratiko baten ezarpena eta jabetza kolonial handien konfiskazioa eskatu zuten.
1980ko hamarkadan eraso ugari egin zituen FLNCk; besteak beste, Ajaccioko aireportuari egin zion eraso, Valery Giscard d'Estaign orduko Frantziako presidentea bertara joatekoa zela. 1982an 800 eraso baino gehiago egin zituen, urtebete lehenago emandako su-etena hautsi ostean.
1981ean, bere estrategia zehaztu zuen fronteak Liburu Zurian. Masa borroka, borroka armatua eta borroka instituzionala ezarri zituen zutabe gisa. Erakundea debekatu ostean, klandestinitatera igaro zen FLNC, eta Cuncolta di i Cumitati Nazionalisti sortu zuen adar politiko gisa 1981ean.
Barne borrokek ezaugarritu zuten FLNC 1990eko hamarkadan. FLNC-Canal Habituel eta FLNC Canal Historique zatitu ziren lehenbizi, baina 2009an batu ziren berriro ere ordura arte banandutako talde guztiak: FLNC, FLNC-UC, FLNC-1976 eta FLNC-Urriak 22.
2012ko abenduan aldarrikatu zituen hainbat eraso azken aldiz FLNCk.
30 urteko laburpen bideoa: