MUNDUA

40 lagun hil eta 55 zauritu dira Damaskon bi leherketatan

Oposizioak Al Asad presidenteari egotzi dio ardura eta helburua Arabiar Ligako behatzaileak "nahastea" zela esan du.

2011ko abenduaren 23a
17:08
Entzun

Damaskon (Sirian) bi leherketa izan dira goizean eta, gutxienez, 40 lagun hil eta 55 zauritu dituzte. Bi eraso suizidak hiriburuko Segurtasunerako eraikin nagusien ondoan gertatu dira, 10:00ak aldera. 

Siriako Sana albiste agentziak leherketen atzean Al Qaeda zegoela adierazi du hasiera batean, baina oposizioak Bachar Al Asad Siriako presidenteari egotzi dio ardura, Arabiar Ligako behatzaileak "nahasteko" helburuarekin. Oposizioaren esanetan, "Al Asaden erregimenak arrisku bati aurre egiten ari dela erakutsi nahi du eta ez herri altxamendu bati". 

Arabiar Ligako behatzaileak atzo iritsi ziren Siriara Damaskok indarkeria baztertu duela ziurtatzeko helburu nagusiarekin. Gune gatazkatsuetan «libreki» ibiliko direla adierazi du Ahmed ben Heli erakundeko idazkariordeak. Gainerako nazioarteko behatzaileak iritsi aurreko prestaketak egingo dituztela gaineratu du. Halaber, ospitaleak eta kartzelak bisitatu ahal izango dituzte, eta oposizioko eta giza eskubideen aldeko erakundeekin bildu.

Martxoan protestak hasi zirenetik 5000 lagun hil ditu gobernuaren errepresioak, NBEaren arabera. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.