Atentatu sorta izan da gaur Iraken eta, gutxienez, 44 pertsona hil dituzte eta 55 zauritu, polizia iturrien arabera.
Bagdad hiriburuan auzo mixto batean izan da atentatuetako bat (suniak, xiitak eta kristauak bizi dira). Sei lagun hil dira suizida batek gerrian zeraman lehergailua eztandarazi ostean. Bagdaden bertan bonba-auto bat lehertu ondoren beste pertsona bat hil dute.
Iraken iparraldean, Tel Ascof herrian, suizida batek bonba-auto bat lehertarazi du Kurdistango Alderdi Demokratikoaren (PDK) egoitzaren kontra, eta hamar lagun hil ditu. Irakeko Kurdistango presidentea PDK-ko kidea da: Masud Barzani.
Bagdadetik 65 kilometrora ere (Bakuban) beste suizida batek bonba-auto bat eztandarazi du, han polizia-etxe baten aurka, eta hamar lagun zendu dira horren ondorioz.
Ramadin, berriz, hamabost pertsona hil dira bi bonba-auto lehertu dituztenean.
Mosuleko eraso batean bi pertsona zendu dira.
AEBek eta Irakeko segurtasun indarrek 18 pertsona hil dituzte
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Armadak eta Irakeko segurtasun indarrek 18 pertsona hil dituzte Bagdaden eta Faluyan hirietan, eta Salahedin herrialdean, haien militarren iturriek esan dutenez. 74 lagun atxilotu dituztela ere jakinarazi dute. Ez, ordea, haiek denak noiz hil edo atzeman dituzten.
Bagdaden hil dituzte pertsona gehien: hamabi. Faluyan, lau. Horiek denak, AEBek (eta 26 atxiloketa egin ditu). Irakeko segurtasun indarrek Salahedinen bi lagun hil dituzte (eta 48 atxilotu).
MUNDUA
44 lagun hil dituzte gaur Iraken atentatuetan
Haietatik hamar pertsona Tel Ascof herrian hil dira, suizida batek bonba-auto bat lehertarazi ondoren Kurdistango Alderdi Demokratikoaren (PDK) egoitzaren kontra. AEBek eta Irakeko segurtasun indarrek, berriz, 18 pertsona hil dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu