PROZESU SUBIRANISTA ESKOZIAN

%47 dira Eskoziako independentziaren aldekoak, azken inkesten arabera

Survation enpresak eginiko galdeketak sei puntura murriztu du baiezkoaren eta ezezkoaren arteko aldea.

Darling eta Salmond, asteleheneko eztabaidan. DAVID CHESKIN / PA WIRE, EFE
jon olano
2014ko abuztuaren 29a
09:38
Entzun

Apenas falta diren hiru aste Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma egiteko, eta estutuz doa independentisten eta unionisten arteko aldea. Daily Mail egunkariak argitaratu duen inkestaren arabera, %41,6 dira independentziaren aldekoak Eskozian —%37,2 ziren duela hilabete baino gutxiago—. Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoak %50,3 ziren, eta %47,6 dira orain. Zalantzatiak alde batera utzita, ordea, %47 dira Eskozia independentea nahi dutenak.

16 urtetik gorako 1.001 eskoziarri egin zieten inkesta, astelehenean BBCn Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak eta Alistair Darling Better Together kanpaina unionistaren buruetakoak egin zuten eztabaidaren ostean. Inkesten arabera, nabarmen irabazi zuen eztabaida hura Salmondek.

Kanpaina betean, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa Eskozian da, herrialdeak batasunean jarrai dezan defendatzeko. Erresuma Batua "historiako fusio onena" dela esan du Cameronek, eta atzo hitzeman zuen independentziaren kontrako joera nagusituta ere eskumen gehiago emango dizkiola "aurki" Eskoziari.

4,3 milioi lagun daude botoa ematera deituta irailaren 18rako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.