28 lagun xiita hil dituzte gaur Bagdaden, hiru eraso suizidatan. Beste 100 bat lagun zaurituta daude. Irakeko Poliziak adierazi duenez, hiru emakumek soinean zeuzkaten lehergailuak eztandarazi dituzte, hirurak Karrada auzoan: bi plazatan eta antzoki baten aurrean.
Bagdaden ekainaren 18tik izandako atentaturik larriena da gaurkoa. Orduan 62 pertsona hil zituzten Hurria (Askatasuna) auzoan. Ez ekaineko hura eta ez gaurkoa inork ez ditu bere gain hartu. Halere, Poliziak uste du muturreko talde islamista sunita batek eginiko erasoak izan daitezkeela, Al Kaeda sareari erreferentzia eginez.
Islamista uahabi eta salafistek maiz egin izan dituzte erasoak musulman xiiten aurka, azken hauek heresetzat baitituzte. AEBek Irak okupatu aurretik (2003ko martxoa) herrialdean oro har ez zegoen istilu sektariorik, eta herritar ugarik beste komunitatekoekin auzo bertsuetan bizi ziren, eta maiz ezkontza mistoak egiten zituzten.
Halere, okupazioaren ondoren sektakeria bultzatzeko eraso franko izan dira, garbiketa etnikoak egiteko eta botereguneak eskuratzeko. Irakeko erresistentzia armatu nahiz politikoak horiek gaitzesten ditu, eta AEBen eta Erresuma Batuaren esku beltza ez ezik, hauek Bagdadeko gobernuan dituzten aliatu batzuek -Badr milizia xiita eta honen kontrolpean dagoen Barne Ministerioa kasu- seinalatu dituzte egile edota bultzatzailetzat.
Hego Kurdistango erasoak
Iraken menpeko Kurdistanen (Hego Kurdistan), beste atentatu suizida bat egin dute, Kirkuk hirian. 20 bat lagun hil eta 187 zauritu dituzte. Poliziak esan duenez, kurduen manifestazio baten kontrako erasoa izan da.
Manifestarien asmoa tokiko hauteskundeen blokeoaren kontra protesta egitea zen. Eraso suizidaz gain tiroketa bat egon da hainbat kurduren eta turkmenoen artean. Tiroketan Irakeko armadako koronel bat zauritu dutela jakinarazi dute geroago.
Kirkuken boterea partekatzeko formula baten gainean ezadostasunak daude Irakeko Gobernuaren, Kirkukeko gobernadorearen eta herritarren artean. Hiria berez kurdua da, baina Saddam Hussein Irakeko presidentea zela kurduz eta turkmenoz hustu eta arabiarrak eraman zituen hara. Gutxiengo asiriarraren (gehienbat kristau kaldearra) kontrako neurriak ere hartu zituen urteetan. Kurduek lehengo egoerara itzuli nahi dute hiria, eta estatusa behin betiko finkatzeko erreferenduma egin nahi dute, baina hau hainbat oztoporengatik atzeratzen ari dira Bagdadeko agintariak. Kirkukeko ingurunea petrolioan oso aberatsa da.
Irak
50 lagun hil dituzte Iraken eta Hego Kurdistanen, lau eraso suizidatan
Bagdaden egin dituzte hiru atentatu eta Kirkuken bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu