Espainiako Estatuko Greenpeace erakunde ekologistako ordezkariek 50.000 sinadura pasatxo aurkeztu dituzte gaur Madrilen, Danimarkaren enbaxadan, Juan Lopez Uralde euskal herritar eta Espainiako Greenpeacen zuzendaria eta erakundeko beste hiru kide askatzeko eskatzeko.
Nora Christiansen, Christian Schmutz eta Lopez Uralde abenduaren 17an atzeman zituzten Kopenhagen, klima aldaketari buruzko hango biltzarreko afarian "modu ilegalean" sartu izana egotzita, eta Joris Thijssen bi egun beranduago. Urtarrilaren 7ra arte kartzelan edukiko dute Danimarkan. Atxiloaldi inkomunikatuan dauzkate.
Pankarta batekin sartu ziren aretoan, biltzarraren "porrota" politikariei leporatuz. Hain zuzen, munduko ehunen bat estatu eta gobernuburu afaltzen ari ziren gelaraino sartu ziren, segurtasun neurriak gaindituta. Besteak beste, Angela Merkel Alemaniako kantzillerra, Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroa, Lula da Silva Brasilgo presidentea, Hugo Chavez Venezuelakoa, Nicolas Sarkozy Frantziakoa eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiakoa zeuden afaltzen, baita Danimarkako Gobernuko eta errege familiako kideak ere.
Maria Jose Caballero Espainiako Greenpeaceko ordezkariak salatu egin du lau kideen atxiloaldi egoera, eta jakinarazi du haiek Danimarkako Justiziaren "gogortasunarekin haserre" daudela. Haren arabera, Espainiako Ingurumen Ministerioa laurak askatzeko gestioak ari da egiten.
50.000 sinatzaileen artean daude kultura, hedabide eta gizarte erakundeetako lagunak, besteak beste. Greenpeace.es-en eman daiteke atxikimendua.
Horretaz gain, Lopez Uralderen emazte Coro Castellanosek Danimarkako Gobernuko Justizia ministroari gutuna bidali dio, senarra aska dezatela galdeginez.
inguruMENA
50.000 sinadura Lopez Uralde askatzeko eskatzeko
Euskal herritarra duela bi aste atxilotu zuten Kopenhagen, Greenpeaceko beste bi kiderekin batera, klima aldaketari buruzko biltzarreko afarian "modu ilegalean" sartzeagatik. Danimarkak Espainian daukan enbaxadan utzi dituzte sinadurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu