Ekitaldi xumea izan da: 08:15etan, bonba jaurti zuten une berean, minutuko isilunea egin dute. Ondoren, uso zuriak askatu dituzte, eta parkearen erdian biktimak oroitzeko monumentuan loreak ezarri dituzte. Halaber, bonbardaketaren ostean zutik geratu zen eraikin bakarretako baten ondoan manifestazioa egin dute pazifistek.
Era berean, Tadatoshi Akiba Hiroshimako alkateak 'Bakearen aldeko agiria' plazaratu du, eta arma nuklearrak desegin ditzatela eskatu die herrialde guztiei. AEBei, Errusiari eta beste potentzia atomiko batzuei "gizakien iraupena arriskuan jartzea" leporatu die. Nazio Batuei ere egin die kritika: Akibaren iduriko, "club nuklearreko" kideek botere hori erabiltzen dute beste herriei betoak ezartzeko eta beren interesak babesteko.
Eraso nuklearra
55.000 pertsona bildu dira Hiroshimako sarraskia oroitzeko
Gaur 60 urte leherrarazi zuen AEBetako Aire Armadak bonba atomikoa Hiroshiman (Japonia). Aurreneko eraso nuklearra izan zen, eta hiru egunen buruan errepikatu zuten Nagasakin. Sarraskia izugarria izan zen: 140.000 bat lagun hil zituzten Hiroshiman eta 80.000 inguru Nagasakin. Gaur, 55.000 lagun bildu dira Hiroshimako Bakearen parkean, biktimei gorazarre egin eta izugarrikeria salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu