Suteen menpe da azken lau egunetan Grezia hego-mendebaldea, eta ingurumenean eta azpiegituretan hondamendi handia eragiteaz gain, dagoeneko 63 dira hildakoak. Azken bi gorpuak Peloponesoko Agnanta herria aurkitu dituzte. Hain zuzen ere, Peloponeso da inguru zigortuenetako bat.
Ondare historikoa ere arriskuan izan da zenbait unetan. Esaterako, aintzinatean hiri handi, gune erlijioso eta olinpiar jokoen sorgune izan zen Olimpia garrek mendean hartzeko zorian izan da, baina lortu dute salbatzea, monumentuak ur eta bitsarekin blaituta.Metro eskasetara dauden arboladiak erre egin dira, ordea, besteak beste, Pierre de Coubertin olinpiar joko modernoen sortzailearen bihotza lurperatuta dagoen eremukoa.
Greziako Gobernua nazioarteko laguntza ari da jasotzen suteei aurre egiteko, baina, hala ere, zaila ari zaie gertatzen. Iritzi publikoan Costas Karamanlis lehen ministro kontserbadorearen gobernuak hondamendiaren inguruan izan duen jarreraren inguruko eztabaida sortu da: ondarea eta monumentuak biztanleak baino hobeto babestea egotzi diote zenbait sektorek. Baita beren gabeziak estaltzeko piromanoen mamua piztu izanarena ere.
Karamanlis lehen ministroak hasieratik iradoki zuen sute gehienak nahita piztutakoak zirela. Ildo horretatik, 32 lagun atxilotu ditu dagoeneko Poliziak, eta diru-sariak agindu ditu gobernuak piromanoei buruzko arrastoak ematen dituztenentzat. Sute oldea Turkiaren eraso bat dela ere zabaldu dute zenbait sektorek. Nolanahi ere, irailaren 16an hauteskundeak dituzte Grezian, eta suteak eztabaida politikoaren ardatz bihurtu dira.
Mundua
60tik gora dira Greziako suteetan hildakoak
30 bat sutek indartsu jarraitzen dute, 70 km/h haize boladek suspertuta. 32 lagun atxilotu dituzte suteak pizten ibili direlakoan. Olimpia doi-doi salbatu dute. Gobernuak suteekin izan duen jarreraren inguruan eztabaida piztu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu