Guztira 66 pertsona hil eta ehunka batzuk zauritu dituzte berriki Turbi herrian, Kenyako ipar-ekialdean, armatutako gizon batzuek aurkako klan bati erasota, atzo argitara atera zen balantze baten arabera. Herriko eskola eta inguruko etxeak inguratu zituzten. Hildakoetatik 22 eskola umeak ziren.
Erasotzaileetako 10 ere hil ziren, herriko Poliziak eta Bonaya Godana Kenyako parlamentariak adierazi dutenaren arabera. Polizia erasotzaileak atxilotu nahian dabil orain, Kenya eta Etiopiako mugaren artean. «Hamar ikasle zaurituta daude. Beste hiru desagertuta; hilda daudela uste dugu», esan zuen Godanak. «Hildako gehienak emakumeak eta haurrak dira». Gehienak eskolara joateko prestatzen ari zirela tiro egin zietela gaineratu zuen.
Hildakoen gorpuak herriko kaleetan utzi zituzten erasotzaileek. Poliziak jakinarazi zuenez, zauriturik larrienak Marsabit eskualdeko ospitalera eraman dituzte. Horretarako 150 kilometroko bidaia egin behar izan dute, sendagile bakarra duen egoitzan artatuak izan ahal izateko. Lekukoen arabera, erasoaren helburua, urretan aberatsak diren eremuak eskuratzea zen.
Hala ere, Marsabiteko Justizia eta Bake Batzorde Katolikoko kide James Galgalok adierazi duenez, Turbin sarraskia egin dutenek aurretik izandako zenbait eraso mendekatu nahi zituzten. «Talka ugari izan dira inguru hauetan azken hiru hilabeteotan, Grabra eta Borana klanetako kideen artean» adierazi zuen Galgalok.
Aspaldiko borroka
Bai Borana eta baita Gabra klanak ere, biak talde sedentarioak dira. Bizi diren lurraldea ia basamortua da, eta bertako taldeak euren abeltzaintzatik bizi dira nagusiki. Bi klanak ura eta larreak direla-eta borrokan dabiltza aspalditik.
Taldeen arteko mugak gainditzea arrunta izan da beti, baina hala ere jazo berri den gertakari hau, Kenyan inoiz egin den odoltsuena izan da. Bertako komunikabideen arabera, bi talde etnikoon arteko borroketan dozenaka pertsona hil dira urtea hasi zenetik.
KENYA
66 pertsona hil dituzte herrixka bati egindako erasoan
Hildako gehienak emakumeak eta haurrak dira, eta hamar erasotzaile ere hil dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu