Gutxienez 114 hildako eta 700 zauritu eragin zituen joan den asteazkenean Tianjin hiriko biltegi kimiko batean izandako leherketak. Biktima kopuruak, ordea, gora egin dezakeela ohartarazi dute agintariek, izan ere, 70 pertsonek desagertuta jarraitzen dute.
Horretaz gain, zientzialariek sodio zianuro arrastoak aurkitu dituzte portuko uretan, leherketaren ondorioz isuritakoak. Agintariek, bestetik, iragarri dute gaur hasiko dituztela portuan zabaldutako 700 tona sodio zianuro biltzeko lanak. Sodio zianuroa oso gai toxikoa da eta heriotza eragin dezake kopuru handietan arnastu edo irentsiz gero.
Bitartean, herritarrak kalera irten dira gaur gertatutakoa salatu eta Gobernuari kalte-ordainak eskatzeko. Izan ere, biltegia legez kanpo egina zen eta etxebizitzetatik 500 metrora kokatua zegoen.