Irak

72 orduko epea eman die Malikik miliziano xiitei armak uzteko

Osterantzean, "zigor larriak" jasango dituztela ohartarazi die. Gutxienez 58 lagun hil dira eta 250 zauritu azken orduko borroketan. Miliziano xiitek eta Irakeko armadak borrokan jarraitzen dute Basoran.

2008ko martxoaren 26a
11:57
Entzun
Moktada al-Sadr imam xiitaren jarraitzaile armatuei 72 orduko epea eman die Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroak armak uzteko. Erabaki hori hartu ezean "zigor gogorrak" jasango dituztela ohartarazi die. "Armetan altxatzeko engainatuak izan diren haiek errenditu egin beharko dute eta berriro ez dutela halakorik egingo agindu beharko dute idatziz", esan du Irakeko telebista publikoan egin duen agerraldian.

Herenegun lehertu ziren Basora inguruan, Irak hegoaldean, miliziano xiiten eta armadaren arteko borrokak, eta gutxienez 58 lagun hil dira eta 250 zauritu enfrentamendu horietan. Gainera, Basoran hasi baziren ere, Irakeko beste hainbat gunetara zabaldu dira, besteak beste, Bagdad hiriburura.

Hain zuzen ere, Bagdadeko Sadr Cityn liskar gogorrak ari dira gertatzen milizianoen eta AEBetako armadaren babesa duten Irakeko soldaduen artean. Gaur bertan 20 lagun hil dira eta ehundik gora dira zaurituak.

Al Sadren jarraitzaileek egunotan salatu dute Al Malikiren Gobernuak beren kontra abiatutako errepresioari erantzun besterik ez diotela egin, eta xiiten aurkako erasoaldia eten ezean Gobernuaren eta okupazio indarren aurkako matxinada bultzatuko duela ohartarazi zuen atzo Al Sadr imamak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.