INDONESIA

8 lagun hil dira Australiako enbaxadaren aurkako erasoan

160 zauritu eragin ditu bonba-auto atentatuak; Jemaa Islamia taldeko Azahari Husini egotzi diote

Erredakzioa
2004ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Indar handiko leherkari batek eztanda egin zuen atzo Australiako enbaxadatik hurbil. Leherketaren eraginez, 8 pertsona hil ziren Poliziaren arabera, eta Osasun Ministerioak adierazi zuenez, 161 zauritu. Eztandak hiru metroko zuloa egin zuen lurrean, inguruko ibilgailu eta zuhaitzak kaltetu zituen, baina Australiako enbaxadan ez zuenkalte nabarmenik eragin. Jakartako Poliziako buru Firman Ganik egindako adierazpenetan ez zuen baztertu «eraso suizida» izatea. Indonesiako Ahmad Rival leherkarietan adituak, bere aldetik, esan zuen leherketaren intentsitatea ikusita, «15 kilo leherkari zituen bonba-autoa» izan zitekeela.

Malaysiako segurtasun agintariek Erresuma Batuan trebatutako Azahari Husin injeniariari egotzi diote Jakartako leherketaren egiletza. Husin malaysiarra da, Asiako gizonik bilatuenetakoa. Jemaa Islamia taldeko kide izatea egozten diote eta Indonesian jazotako hainbat bonba-erasoren egile izatea. «Azahari izan dela uste dugu», adierazi zuen atzo izenik eman nahi izan ez zuen agintari batek, «halako tamainako leherkari bat egiteko esperientzia duen gizona baita». Dai Bachtiarrek, Indonesiako Polizia buruak adierazi zuen 2002an Balin eta 2003an Marriot hotelean Azahari Husini egozten dizkioten bi leherketen «modus operandi bera» zuela, eta hiru erasoetan AEBetako eta Australiako interesak izan zirela «jomuga».Jemaa Islamia erakundea Al Kaedarekin lotzen dute. Talde horrek estatu islamiar handia osatu nahi du Asia hego-ekialdean, Indonesia, Malaysia eta Filipinako Uharteetan. Sendo babestutako Australiako enbaxadaren eraikuntzan ez zen zauriturik izan. Alexander Downer Australiako Atzerri ministroak ez zuen zalantza izpirik, «Australiaren aurkako erasoa» izan zela baieztatzeko. Halere, Indonesiako Atzerri ministroaren eledun batek adierazi zuen hildako guztiak indonesiarrak zirela; «ezin dugu baieztatu atzerritarren aurkako erasoa izan dela. Denok gara biktima potentzialak».Richard Clarke, AEBetako «terrorismoaren aurkako» buruzagi ohiak, Australiari ohartarazi dio, datozen urriaren 9ko hauteskundeei begira, «Madrilgo atentatuen moduko erasoak» jaso ditzakeela, Australiako oposizioko alderdiak Irakera soldaduak bidaltzearen aurka baitaude. Indonesiako presidente Megawati Sukarnoputri Bruneiko errege ezkontzan zegoen atentatua gertatu zenean, eta Jakartara itzuli zen haren berri izatean. «Espero dut indonesiarrek lasaitasunari eustea. Beren segurtasunarekin erne egotea eskatzen diet », adierazi zuen.

-

Kronologia





Indonesia munduko laugarren herrialderik populatuena da, eta hori dela eta herrialde musulman handiena ere bai. Hainbat bonba eraso jaso ditu azken urteotan.

1999ko apirilaren 19a: Jakartako Istiklal meskita nagusiko lurra Jemaa Islamiari egotzitako leherketa batek kaltetu zuen, zauriturik eragin gabe.

2000ko abuztuaren 1a: Bonba batek bi pertsona hil zituen eta Filipinek Indonesian zuten enbaxadorea larri zauritu zuen.

2000ko abenduaren 25a: Eguberri egunean 11 elizatan leherketak izan ziren. 19 pertsona hil eta 100 inguru zauritu zituzten. Jemaa Islamiari leporatu zizkioten erasoak.

2002ko urriaren 12a: Bali uharteko dantzaleku askoko auzo batean bi bonbak 202 pertsona hil zituzten Ðhorietatik 88 australiarrakÐ.

2002ko abenduaren 5a: Sulauesi uharteko McDonald's jatetxe baten parean leherketa batek hiru pertsona hil eta beste 11 zauritu zituen.

2003ko abuztuaren 5a: Jakarta erdialdeko Marriot hotelean bonba-auto batek 12 pertsona hil eta 150 zauritu zituen.

2004ko urtarrilaren 10a: Sulauesi uharteko Palopo hiriko karaokedun kafetegi batean bonba batek lau pertsona hil zituen. Oraindik ez da argitu nor izan zen atentatuaren erantzulea.

2004ko apirilaren 9a: Jakartako Australiako enbaxadan bonba batek 8 pertsona hil eta 161 zauritu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.