munDUA

83 preso hil dira Txileko kartzela bateko sutean

Santiagoko San Miguel espetxean izan da ezbeharra, presoek "matxinada" hasi ondoren. Kartzela hartan 1.900 preso daude, muga 700ekoa duen arren.

2010eko abenduaren 8a
20:43
Entzun
Txilen, Santiagoko San Miguel espetxean 83 preso hil dira sute batean. Beste hamabi oso-oso larri daude. Horrez gain, hiru espetxezain eta polizia bat zauritu egin dira. "Tragedia da", esan du Sebastian Piñera Txileko Gobernuko presidenteak.

Iturri ofizialen arabera, presoen "matxinada" baten ondorioz sortu da sua, han goizeko bostak inguru zirela. "Kontxoiak erretzen hasi dira".

Espetxeko zaindariek berrehun preso ateratzea lortu dute. Dena dela, horien senideek diote kartzelako arduradunek trabak jarri dizkietela suhiltzaileei, ateak-eta itxiz. Senideak arduradunen aurka harrika hasi dira presondegi atarian, kazetariek diotenez.

Txileko kartzeletan inoiz izandako ezbeharrik handiena da, Jaime Mañalich Osasun ministroak esan duenez. Gobernuak oraindik ez ditu hildakoen izen-abizenak jakinarazi.

Piñera presidenteak adierazi du "kartzela sistema inhumanoa" dela eta hori bukatu beharra dagoela. San Miguel espetxean 1.900 preso daude, muga 700ekoa duen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.