Marokoko armadak gaur Aaiunen (Mendebaldeko Sahara), Gdaim Izik kanpalekuan, eraso gogorra egin arren, Marokok eta Fronte Polisarioak bilera informalari ekin diote gaur bertan New Yorken (AEB), NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatuta. Honek berak eman du batzarraren berri. Mendebaldeko Saharari buruzko negoziazio prozesuari berriro ekitea da NBEren xedea.
Bihar ere elkartzeko asmoa dute NBEk, Marokok eta Fronte Polisarioak.
Gaurko bilera hori baino lehen, Bucharaya Beyun Fronte Polisarioak Espainiako Estatuan duen ordezkariak arratsaldeko ordubatean jakinarazi du Marokoko armadak hamahiru lagun hil dituela Aaiunen (Mendebaldeko Sahara), Gdaim Izik kanpalekuan, baina Fronte Polisarioak berak arratsaldeko bostak aldera argitu du hildakoa bat dela, ez hamahiru. Maroko Poliziak azaldu du gezurra dela hori, ez duela inor hil. Marokok, bere aldetik, kanpalekuan hiru polizia zendu direla adierazi du.
Militarrek masakrea eragin dutela diote lekukoek. "Ospitalera hainbat hildako iritsi dira, bai kanpalekutik iritsiak baita hiritik iritsiak ere", esan du lekukoetako batek. Izan ere, erasoaren ondorioz kanpalekua txikituta geratu da, eta "gerrak" hirian jarraitzen du, Marokoko armadaren tiro hotsen artean. Lekuko guztiek nabarmendu dute sahararrek armarik ez dutela.
"Hainbat hildako eta zauritu" daudela esan du Brahim Ahmed kanpalekuko ordezkarietako batek goizean. "Helikopteroak eta soldaduak metrailadoreekin ari dira tiro egiten, sarraski bat da". Marokoko armadak jaima guztiak erre ditu, eta kanpalekua erabat txikitu du, eta sahararrak ahal duten moduan babesten ari dira.
Aaiungo telebista katearen egoitza, postetxea eta Bucraa barrutiko egoitzak sutan dira. Dozenaka auto ere erre dira.
08:15ean hasi da Marokoren erasoa, kanpalekuaren ekialdean, eta sutan geratu da Gdaim Izik. "Biolentzia izugarriarekin sartu dira, bi armadaren arteko borroka balitz bezala. Baina badakite guk ez daukagula armarik, ezta sukaldeko labanarik ere", salatu du Ahmedek. Erasoan, metrailadoreak, negar eragiteko gasa eta ur beroa erabili ditu Marokok.
Elkarrizketak berriro hastear zirela
Marokoren esku-hartzea Fronte Polisarioarekin elkarrizketak berriro hastear zeudela gertatu da. Marokok autonomiaren alde jarraitzen du, eta Fronte Polisarioak independentzia lortzeko aukera jasotzen duen erreferenduma egin nahi du. Geroz eta ozenagoak dira, ordea, Polisarioari negoziazioak utzi eta berriro armak hartzeko eskatzen diotenak; tartean, Ahmedek berak. "Marokok uler dezakeen elkarrizketa bakarra gerra da".
Marokoko Gobernuak Aaiunen duen ordezkaritzak, baina, "legediarekiko errespetu osoz" jokatu dutela esan du, epaileen aginduz, eta bi aldeetan "zenbait zauritu" eragin dituela. Kanpalekuan delitugileak atxilotu dituztela esan du ordezkaritza horrek, baita "eskakizun sozialekin zerikusirik ez duten zenbait pertsona ere". Horiek kanpalekua helburu politikoetarako erabili nahi zutela adierazi du, "oso ondo aztertutako agenda batekin".
Autodeterminazioaren aldeko manifestazioak
Kanpalekuan bakarrik ez, Aaiunen bertan jendea kalera atera zen autodeterminazioaren alde, eta istiluak izan ziren manifestarien eta poliziaren artean. Zenbait lekukoen arabera, autodeterminazioaren aldeko manifestazio baten ondoren izan ziren istiluak, eta manifestariek Smara etorbidea itxi zuten. Polizia oldartu egin zitzaien. Aaiunen bezala, antzeko protesta ekintzak izan dira gainera zenbait auzoetan ere, batik bat hiriaren ekialdean. Guztietan ere Gdaim Izik kanpelekuko sarrerak irekitzeko eskatu dute.
Bi hilabete pasatu dira sahararrak Gdaim Izik kanpalekuan bizi dituzten baldintzengatik biltzen hasi direnetik, Aaiundik 18 kilometrora. Atzo arratsaldean kotxe karabana bat barrura sartzen saiatu zen, baina Marokok "txikitu" egin zituen, lekukoek azaldutakoaren arabera. Urriaren 24an antzeko gertakari batean Marokoko Poliziak Nayem Elgarhi 14 urteko gazte sahararra hil zuen.
MeNDEBALDEKO SAHARA
Aaiunen "sarraskia" izan arren, Marokok eta Fronte Polisarioak bilerari ekin diote New Yorken
Fronte Polisarioak orain dio Marokok Gdaim Izik kanpalekuan lagun bat hil duela, ez hamahiru. Helikopteroetatik metrailadoreekin tiro egin dute soldaduek. Marokok bere hiru polizia zendu direla adierazi du eta "legediarekiko errespetu osoz" jokatu duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu