Aaiungo erietxean (Mendebaldeko Sahara) artatzen zituzten hiru gazte bahitu dituzte Marokoko segurtasun indarrek. Aaiun inguruan azkenaldiotan eratu egin den kanpaleku bateko egoiliarren aurkako tiroketan larri zauritutako bost sahararretatik hiru dira bahituak. Eraso horretan, 14 urteko Elgarhi Naiem Foidalek bizia galdu zuen.
Bahitutakoak Marokoko Jendarmeriaren egoitza nagusian daudela uste dutela jakinarazi dute senideek, eta haien egoeraz oso kezkatuta daudela nabarmendu dute. Aaiungo erietxean zeudelarik, oheei lotuta zeudela eta jendarmeek zorrotz zaintzen zituztela ere salatu dute senideek.
Janaria zeraman
Igandean, Marokoko jendarme eta soldaduek eginiko eraso gogorrean hil zen Elgarhi Naiem Foidal gaztea segurtasun indarren zaintzapean lurperatu zuten Aaiungo hilerri batean, haren senitartekoak bertan egon gabe. Hildakoaren amak eta arrebak jakinarazi dute gazteak bizia galdu zuela Aaiungo kanpalekuan bizi direnei janaria eramatera zihoalarik. Marokoko segurtasun indarrek azaldu dute ibilgailuari tiro egin ziotela, «armak garraiatzen zituztelako». Hain zuzen ere, hiltzaileen aurkako salaketa formala aurkeztu zuen atzo nerabearen amak. Bertan gaztearen autopsia egiteko eskatzen du.
Gatazkari irtenbidea aurkitzeko ahaleginean, Maroko, Aljeria eta Mendebaldeko Saharan ibili da egunotan Nazio Batuen Erakundeko idazkariaren ordezkari berezi Christopher Ross. Egonaldia saharar herriaren independentzia borrokaren une erabakigarrian gertatu dela nabarmendu du Fronte Polisarioak.
Aaiungo tiroketan zauritutako hiru saharar bahitu ditu Marokok
Segurtasun indar marokoarrek hildako nerabearen amak erasotzaileen aurkako salaketa aurkeztu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu